Langabetuendako dohainik izanen diren harakin eta zerbitzari ikastaroak eginen dituzte Dantxarinean

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 22a, 11:00

Rodoiak emanen ditu klaseak Venta Peion eta ikastaroa bukatzen dutenen %40ari lana eskainiko zaie

Nafarroako Gobernuak eta Venta Peiok bi formakuntza ikastaro antolatu dituzte langabetuei zuzenduak. Ikastaroak %100 diruz lagunduak daude eta Rodoiak emanen ditu, Nafar Lansareak akreditatutako erakundeak.

Lehenengo kurtsoa 235 orduko harakintza ikastaroa izanen da, otsailaren 14tik apirilaren 22an eginen dena. Ikastaroa presentziala izanen da, Venta Peion astelehenetik ortziralera 09:15etik 14:30era. Hainbat gai landuko dituzte; bezeroen arreta (35 ordu), harategiko salmenta-teknikak (20 ordu), produktuak prestatzea eta kontserbatzea (10 ordu), harakintza eta haragia zatitzea (30 ordu), haragi piezak egitea (40 ordu), haragi produktu gordin, ondu eta egosien prestaketa (40 ordu), elikagaiak manipulatzea (10 ordu) eta frantseseko A1 maila (50 ordu).

Bigarrena areto-zerbitzari ikastaroa izanen da, 175 ordukoa. Martxoaren 10etik apirilaren 29ra, astelehenetik ortziralera bilduko dira Venta Peion, 09:15etik 14:30era. Hauek dira ikasiko dituzten edukiak: bezeroen arretarako teknikak (60 ordu), jatetxe eta tabernetako zerbitzua (35 ordu), barrako eta aretoko oinarrizko zerbitzua (20 ordu), elikagaiak manipulatzea (10 ordu) eta frantseseko A1 maila (50 ordu).

Ikastaroak bukatzen dituztenen %40ari lana eskainiko diete, eta klaseetara joateko laguntzak ere jasotzen ahal dira. Kurtsoetan izena emateko edo informazio gehiago lortzeko, deitu 948 281 200 telefonora edo 648 045 136 zenbakira, edo idatzi comercialnavarra@rodoia.com helbidera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun