Etxaldeen transmisioaz aritzeko Iholdira bisita antolatu du Euskal Herriko Laborantza Ganbarak otsailaren 1ean

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 21a, 20:00

Kaiet Barberenak eta Daniel bere aitak Iholdi Landaia etxaldeko testigantza emanen dute otsailaren 1eko bisitan.

Iholdi Landaia etxaldeko testigantza emanen dute Daniel eta Kaiet Barberena aita-semeek

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak Iholdiko etxalde baten bisita kolektiboa antolatu du otsailaren 1ean, etxaldeen transmisioaren gaia aipatzeko. Erretreta hurbiltzen denean eta etxalde-transmisioaren problematika agertzen denean gogoeta zuzena eramaten laguntzea da bisitaren xedea. Bisita honek erretreta hartu behar duten laborarien eta etxalde bat bilatzen dutenen arteko trukatze gune bat ere irekitzen du.

Otsailaren 1ean, asteartean 14.00etan, Iholdi Landaiak bere ateak idekiko ditu etxalde transmisioaren gaiak hunkitzen dituen laborariei, baita kontaktu bila dauden laborari-gaiei ere. 

Etxalde batean kide baten sarrarazteak anitz aldaketa eragiten ditu. Kaiet Barberenak eta Daniel bere aitak haien lekukotasunak eskainiko dizkiete erretreta hartzekotan daudenei eta laborari-gaiei.

Egitaraua

  • Etxaldea uztekoa duten laborarien eta laborari-gaien artean solasaldia.
  • Desmartxa eta laguntzei buruz informazio ematea.
  • Memento goxo baten mentura, trukatze libreak parte-hartzaileen artean.

Bisita hau animatuko dute Véronique Gelak, EHLGko Transmisio-Instalazio animatzaileak eta Nadia Benesteau juristak. Bisita honetan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da  05 59 37 18 82 telefonoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun