Dirulaguntzen aitzinamenduak eta bertze hainbat erabaki hartu ditu Sarako herriko kontseiluak azken bilkuran

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 21a, 17:00

Sarako lezeetako bisitaren prezioa aldatzea erabaki du herriko kontseiluak.

San Josepe eskolari eta Olhain ikastolari 2022ko subentziotik aitzinamendua eman zaie eta leizeetako bisitaren prezioa emendatu dute, bertzeak bertze.

Sarako herriko kontseiluak bilkura izan du berriki eta zenbait erabaki hartu ditu. Honela, San Josepe eskolari eta Olhain Ikastolari 2022ko subentzioetatik aitzinamendu bat emanen diete. Bertzetik, leizeetako bisitaren prezioak aldatu dituzte: Helduentzat 10 euro, 5-13 urte arteko haurrentzat 6 euro eta 14-17 urte arteko gazteek 8,50 euro ordaindu beharko dituzte hemendik aitzinera.

Aipatu behar da Kuriertegiko erosketa ere finkatu duela herriko kontseiluak. Euskal Herriko EPFL elkartearekin. Era berean, Portuko lantegian herriak badu lokal bat, Alaiki elkarteak uzten duena. Lokal hori Katrin Schel marexalari alokatuko diote 2022ko urtarrilaren lehenetik hasita. Herriko enplegatuen lanpostuak ere berrituak izan dira.

Azkenik, Patricia Gorosurretak erabiltzen dituen herriko lurrak, 5 hektarea pasatuxe, utzi egin ditu eta Eric bere semeari pasatu. Beraz, badugu bertze laborari gazte bat laborantzari emana. Suerte on zuri, Eric.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun