Zugarramurdiko herriko etxea moldatzeko lanak eman nahi ditu udalak. Irailaren 3ra arteko epea izan zuen lehen lehiaketa deialdira ez zen inor aurkeztu. Nonbait, proiektua egin zenez geroztik materialaren prezioa aunitz igan da eta hasierako aurrekontua (491.417,30 euro gehi BEZa) murritz gelditu zen. Beraz, proiektua berritu egin dute, hasierako prezioa 722.885,18 eurora (gehi BEZa igan) eta abenduaren 23ra arte luzatu dute proposamenak aurkezteko epea.
Aipatzekoa da herriko etxearen hiru solairutan egin nahi dituztela lanak. Beheitikoan, bi sarbide bereizi egin nahi dituzte, bat ostatu-jatetxera sartzeko eta bertzea, udal bulegoetara joateko. Gaur egun bigarren solairuan dauden udal bulegoak lehenbiziko solairura eraman nahi dituzte eta bigarrenean erabilera anitzeko aretoa egin. Gaur egun duen sabaia kenduta, teilatuak duen zurezko egitura bistan utziko dute. Bigarren solairuan gelatxo ttiki bat ere izanen da, bulego edo biltegi moduan erabiltzeko. Igogailua ere paratuko dute.