Geroa Baik Nafarroako aurrekontuei egindako zuzenketek hainbat inbertsio ekarriko dituzte eskualdera

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 2a, 14:00

Urdazubiko monasterioaren inguruko estudioa egiteko Eusko Ikaskuntzarekin hitzarmena sinatuko da.

Geroa Baik ehun zuzenketa aurkeztu dizkie Nafarroako Gobernuko aurrekontuei, lau milioi eurotik goitiko inbertsioak ekarriko dituztenak. Gehien bat 50 udalerritako finantziazioa hobetzera bideratuko da dirua eta tartean eskualdeko proiektuak ere ageri dira.

Baztanen, Elizondoko Santiago karrikan baranda berria jartzeko eta egokitze eta irisgarritasun lanak egiteko 11.000 euro bideratuko dira; Baztanen Herriarteko Mugikortasun Jasangarrirako Plana egiteko 25.000 euro; Arraiozko pasealekua zolaberritzeko 6.500 euro; Arizkungo garai bateko azienden baskula zaharberritu eta komun publikoak egiteko 33.000 euro; Urritzateko baserrietarako bidea hobetzeko 12.000 euro eta Amaiurko Ostatuko proiekturako Amaiurko herriarekin hitzarmena egiteko 20.000 euro.

Urdazubiri dagokionez, Eusko Ikaskuntzarekin hitzarmena sinatuko da eta monasterioaren inguruko estudioa egiteko 25.000 euroko inbertsioa eginen da.

Malerrekan hitzarmena sinatuko da Euskal Artzainak Ameriketan elkartearekin eta erakusketak egiteko 15.000 euro erabiliko dituzte. Gainera, Donamariako parkea hobetzeko eta egokitzeko 12.000 euro inbertituko dira.

Igantzin lurralde garapenerako espazioaren proiekturako 50.000 euro inbertituko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun