San Josepe eskolako haurren burasoek antolaturik Eguberrietako merkatua egin dute Saran

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 29a, 15:00

Sarako San Josepe eskolako haurren burasoek antolaturik iragan da Eguberrietako merkatua hazilaren 27an, larunbatez, egun guzian, Lur Berri gelan. Hemezortzi mahai baziren eta horietako bat burasoek egina. Azkeneko honetan gauza guziak beraiek eginak zituzten.

Egindako lana nabari zen, denek baitzituzten gauza ederrak, partikulazki haurrentzat, zeren Eguberriak hurbilduak baitira. Helduentzat ere baziren gauza ederrak. Buraso batzuk haurrak mozorrotu dituzte eta behar zen ikusi zein kontent ziren haur horiek.

Jendea ibili da, baina ez usaian bezala. Erran behar da denbora aski txarra zela, baina eguerdi inguruan, meza ondoan jendea izan da eta gauza ainitz erosi dituzte.

Horregatik Arantxa Iparragirre, buraso elkarteko lehendakaria, bere lagunekin kontent ziren. Denbora ikusi eta beldur ziren, baina dena ongi pasatu da, kafe bero pixka bat edanez edari eta goxokiekin, horretarako txoko bat antolatua baitzuten.

Elkarteak denak eskertu ditu: Herriko Etxea Lur Berri gela eder hori prestatzeagatik, baita burasoak eta borondate oneko bertze jendeak ere.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun