Onintza Agirre

«Batzuetan herrikook herrian toki guti izaten dugu»

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 27a, 08:00

18 urte dituen Zugarramurdiko gaztea da Onintza AGIRRE. Zugarramurdiri eta bere egunerokoari buruzko kontuak kontatu dizkigu. 

Aurkeztu zure burua.

Zugarramurdiko 18 urteko neska bat naiz.

Zer egiten duzu zure egunerokoan?

Tokatzen denean klasera joaten naiz, eta bertzenaz lagunekin harat eta honat.

Zein dira zure zaletasunak?

Musika gustatzen zait, kantua, artea, mendia... zaletasun berezirik ez! Gauza xinpleenetaz disfrutatzen dut.

Zer ikasketa egiten ari zara?

Musikaren Historia eta Zientziak gradua ikasten ari naiz Salamancako Unibertsitatean.

Bertsotan ikusi izan zaitugu, baina, orain utzi omen duzu. Etorkizunean itzultzeko asmorik bai?

Aukera izatekotan... Salamancan bertsolaritza guti bada! Pandemia hasi zenetik bertsoak sortzetik aunitz urrundu naiz.

Bertso bat bota eta gustura gelditzea niretzat zaila zen, hortara itzultzea beraz oraindik zailago... Bertsolari beharrean behar bada bertsozale hobe, kar kar.

Astebururako planik hoberena?

Konpainia onean edozein gauza! Herrian mendira itzuli bat, lagunekin otorduren bat, familiakoekin planak... Sala- mancan aski ezberdina da. Egiteko gauza ezberdinagoak daude, baina horiek jakitea zaila da, hiri arras haundia ez izan arren niri haundi egiten baitzait. Hala ere ez dugu aspertzeko astirik!

Zer du Zugarramurdik bertze herriek ez dutena?

Zugarramurdi herri aski berezia da! Alde guzietako jendea juntatzen da. Denak dira ongi etorriak, eta herrikoen artean giro aski ona eta hurbila bada!

Eta zer du faltan?

Neguan, jendea... eta udan soberan! Herrikoendako ekintzak eta jarduerak eskas direla sumatzen dut orokorrean, herrian gauzak egiteko baliabideak. Batzuetan herrikoek herrian toki guti izaten dugu.

Aitzinera begira, zein asmo duzu epe motzera?

Abenduko azterketak gainditu eta, eguberrietan pausatu eta ingurukoetaz disfrutatzea!

Eta epe luzerakoak?

Karrera finitu eta, ahal den heinean, lan munduan gustuko izanen dudan lan bat atxeman, ... bitartean disfrutatu!

Amets bat?

Maite ditudanak zaintzen segitzea. Azken urteetan ikasi dut denborak bizia nahi duen norabidean eremanen duela, horrenbertzez, ahal den bezala bide hortaz profitatu behar dugu!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun