Animainetik Portura egin gogo den oinezkoen bidearen gainean bilkura egin zuten hazilaren 17an, asteazken arratsaldean Lur Berri gelan. Auzoko jende ainitz bazen joana, proiektuaren inguruko xehetasunen berri jakiteko eta zalantzak argitzeko xedearekin.
Battite Laborde Sarako auzapezak denei ongi etorria egin zien eta Ideia enpresako eta departamentuko ordezkariei eman zien solasa. Proiektuaren inguruko azalpenak eman zituzten eta segurtasunari kasu handia emanen diotela aipatu zuten. Egin moldeari dagokionez, Animainea aldetik partituz eskuin aldean eginen dute oinezkoendako bidea, ur erreka ondoan. 1,40 metro zabalekoa eginen dute, haurren karrosak ere erraz ibiltzeko eta 5,80 metroko legezko bidea utziko dute autoentzat.
Auzoko jendeek galdera ainitz egin zuten, Erreka eta erreka estali guziei kasu handia egin beharko dela azpimarratu zuten,«zeren Hegimearreko aldetik euriarekin ur ainitz etortzen baita». Autoen abiadura eztitzeko bi xikana eginen dituzte eta leku horietan, bakarrik orenean 30 kilometroko abiaduran ibili beharko dira autoak eta bertzeetan, orai bezala, orenean 50 kilometroko abiaduran. Oinezko bidea argitua izanen da gauez. Horra, nola izan ziren bilkuraren solasak. Orai proiektu hori beharko dute Departamendurat bidali estudioak egiteko. Dena ongi badoa, lan horiek 2022ko urte hondarrean eginen dituzte eta gutienik bortz edo sei hilabete iraunen dute. Segurtasunerako beharrezko proiektua da eta dena ongi egitearekin ederra geldituko da.