Kiribil konpainiak larunbatean inauguratuko du Senpereko Larreko kultur gunean ezarritako Loreak bere bidean erakusketa. Larunbatean bertako egoiliarrek eskainitako performance artistikoak izanen dira 16:00etan hasita eta erakusketa bukatu bitartean, publikoarentzako bisitak eta hitzaldiak antolatuko dituzte. Gainera, datorren astelehenetik ostiralera bitartean eskolako ikasleentzako espresuki prestaturiko jardunaldiak egingo dituzte erakusketan bertan.
Kiribil konpainiak egindako lana arte eskaintzatik urrundua den publikoarengana zuzendurikoa da. Ikuslearen bizilekuan sartzen da eta publikoa, ikusle posturatik, aktore eta sortzaile posturara pasaraztea du helburu nagusia.
Astelehenetik ostiralera 9:00etatik 17:00ak arte egonen da irekia erakusketa, eta asteburuan 15:00etatik 18:00etara.