Amets Arzallusek irabazi du 2021eko Xilaba Bertsolari txapelketa

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 14a, 07:30
Amets Arzallusek jantzi du txapela. Argazkiak: Xenpelar Dokumentazio Zentroa

1.200 lagun inguru bildu ziren atzo Donibane Lohizuneko Jai Alain. Amets Arzallusek jantzi du aurtengo Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko Bertsolari txapelketako txapela, buruz burukoan Miren Artetxerekin aritu ondotik. Sailkapenean segidan gelditu dira, hurrenez hurren, Odei Barroso, Maddalen Arzallus, Patxi Iriart eta Maddi Ane Txoperena. 

Zortziko nagusian eta zortziko txikian aritu ziren lehendabizi, ofiziotan; puntu-erantzunetan gero eta 10eko txikian aritu ziren segidan, berriz ere binaka, ofiziotan; azkenik, bakarka aritu ziren, kartzelako lanean, gai bera emanda, neurri eta doinu librean: «Orain arte besteen begiradak arranguratu izan zaitu».

Lan horien ondotik, Amets Arzallus eta Miren Artetxe sailkatu ziren buruz-burukoa jokatzeko eta 6ko motzean eta 8ko txikian ofiziotan aritu ondotik, berriro ere kartzelako lana egin zuten eta azkenean Amets Arzallusek txapela jantzi du.

Andoni Iturriozen eskutik txapela, isileko lana eskertuz

Andoni Iturriozek eman zion makila eta jantzi zion txapela Amets Arzallusi. Urte luzeetan Andoni Iturriozek bertsolaritzaren eta generalean euskal kulturaren alde egin duen lana eta eman duen laguntza isila bezain handia eskertu nahi izan du Xilaba txapelketaren antolatzaile den Bertsularien Lagunak elkarteak.

Sari ematen aritu ziren Maider Bedaxagar euskal kulturaren ordezkari gisa, Maeva Estano txapelketa osoan laguntza ekarri duten ikastola eta elkarteen izenean, Karine Etxeberri Bertsularien Lagunak elkartearen izenean, Haira Aizpurua Euskal Herriko eskolarteko txapelduna bertso eskolen izenean eta Beñat Gaztelumendi Bertsozale Elkartearen izenean.

Epaile lanetan aritu ziren Maialen Berra, Eneko Bidegain, Zuhaitz Olazabal, Lur Renteria, Ainhoa Sarasua, Iban Thicoipe eta Abel Zabala. Gisa berean, aurtengo txapelketa osoan gaiak prestatzen eta saioak aurkezten aritu dira Aritz Bidegain, Lierni Elortza, Xabi Elgart, Joana Itzaina, Amaia Kastorene, Antton Lannes, Oihana Larrandaburu, Amaiur Lujanbio eta Pantxika Solorzano. Saioaren hasieran Xilaba 2021ean parte hartu duten bertsolariak ere goraipatu ziren: Karlos Aizpurua, Irati Alcantarilla, Xan Alkhat, Iker Altuna, Miren Artetxe, Amets Arzallus, Maddalen Arzallus, Odei Barroso, Ramuntxo Christy, Kerman Diaz, Gillen Hiribarren, Patxi Iriart, Mizel Mateo, Maindi Murua, Xumai Murua, Pettan Prebende, Maddi Sarasua, Johañe Sarraillet, Aitor Servier, Bittor Thicoïpé, Josu Txoperena, Maddi Ane Txoperena, Oier Urreizti eta Egoitz Zelaia.

Honakoa izan da finaleko sailkapena:

  1. Amets Arzallus Antia 1012 puntu
  2. Miren Artetxe Sarazola 975 puntu
  3. Odei Barroso Gomila 605 puntu
  4. Maddalen Arzallus Antia 586,5 puntu
  5. Patxi Iriart Hiribarren 562,5 puntu
  6. Maddi Ane Txoperena Iribarren 561,5 puntu

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun