Seaskak Senperen izanen du bosgarren kolegioa

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 11a, 15:00
Senpereko Zaldubi ikastolaren artxiboko irudia.

Seaskak Senpereko Herriko Etxearekin akordioa erdietsi du kolegio berri bat Senperen egiteko. Helburua 2023rako irekitzea da. 

Urtarrilean jakinarazi zuen Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak bosgarren kolegio bat irekitzeko asmoa zuela, azken urteetan izandako ikasleen igoerari aitzin egiteko. Bi eremutan aritu dira lantzen proiektua: Senpere eta Azkaine inguruan, eta Hazparneko eskualdean. Azkenean, Senpereko Herriko Etxearekin lortu dute akordioa, eta bertan eraikiko dute ikastetxea. 2023rako egitea da asmoa. 

Orain artean lau kolegio ditu Seaskak: Larzabaleko (Nafarroa Beherea) Manex Erdozaintzi kolegioa, Kanboko (Lapurdi) Xalbador kolegioa, Ziburuko (Lapurdi) Piarres Larzabal kolegioa eta Baionako Estitxu Robles kolegioa. Senperen eraiki asmo dute kolegioarekin eskaintza handitzea dute helburu, bertze lau kolegioak ikaslez «gainezka» daudelako. 

Hain zuzen bosgarren kolegioa irekitzea zen aurtengo Herri Urratsen helburua. Koronabirusak eragindako pandemia dela eta ezin izan zuten Herri Urrats ohiko formatuan egin, baina Boga izenpean 30 besta ttipi eta dirua biltzeko kanpaina burutu zuten. 

Gaur egun Seaskak 37 ikastola kudeatzen ditu: 12 ama ikastola, 20 lehen maila ikasgelekin, lau kolegio eta lizeo bat. Orotarat 4.021 ikasle ditu bere ikastoletan eskolatuak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun