Larunbat honetan Donibane Lohizunen jokatuko dute Xilaba txapelketako finala

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 9a, 08:30

Ezkerretik hasita Amets Arzallus, Miren Artetxe, Odei Barroso, Maddi Ane Txoperena, Maddalen Arzallus eta Patxi Iriart.

Irailaren 18an Makean hasitako txapelketa larunbat honetan Donibane Lohizunen borobilduko dute. Sei bertsolari ariko dira: Amets Arzallus Antia, Maddalen Arzallus Antia, Odei Barroso Gomila, Miren Artetxe Sarasola, Maddi Ane Txoperena Iribarren eta Patxi Iriart Hiribarren.

Zuberoako, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko VI. Bertsolari Txapelketako finala izanen da larunbatean, azaroaren 13an, Donibane Lohizuneko Kanpos Berri Jai Alain jokatuko dutena. Txapelketan 24 bertsolarik parte hartu dute eta horien artean sei ariko dira finalean. 17:00etan hasiko da eta oholtza gainean final aitzineko saioetan irabazi eta puntuazio altuena eskuratu duten sei bertsolari ariko dira kantari: Amets Arzallus Antia (Hendaia, 1983), Maddalen Arzallus Antia (Hendaia, 1990), Odei Barroso Gomila (Urruña, 1988), Miren Artetxe Sarasola (Hendaia, 1985), Maddi Ane Txoperena Iribarren (Hendaia-Lesaka, 1994) eta Patxi Iriart Hiribarren (Hiriburu, 1988). 

Atzo eguerdian aurkeztu zuten finala. Prentsaurrekoan, Ortzi Idoate Bertsularien Lagunak elkarteko sustapeneko eragileak eta antolakuntza arduradunak hartu zuen hitza, eta berarekin izan ziren, finalista gehienak –irudian Miren Artetxe falta da– eta Andoni Iturrioz –ezkerrean–.

Finalean egin beharreko lana

Finalean aurkezle lanetan Aritz Bidegain eta Amaia Castorene ariko dira eta bertsolarien lana epaitzeaz sei epaile arduratuko dira. Bertsolariek, berriz, honako lana egin beharko dute. Agur bana, zortziko handian ofiziotan binaka hiruna bertso, zortziko ttipian ofiziotan binaka hiruna bertso, banaka hiru punturi erantzun, hamarreko ttipian ofiziotan binaka hiruna bertso eta kartzelako lana banaka, gaia emanda hiruna bertso. Guztira hamabortz bertso puntuagarri izanen dira.

Hasieratik ariko diren sei bertsolarien artean, bik lortuko dute buruz burukora pasatzeko txartela eta bertze hamabortz bertso puntuagarri egin beharko dituzte: seiko motzean ofiziotan binaka hiruna bertso, zortziko ttipian ofiziotan binaka hiruna bertso eta kartzelako lana banaka gaia emanda hiruna bertso.

Horren ondotik kantatuko dituzte bukaerako agurrak.

Epaimahaiak bere erabakia jakinarazi ondotik eginen dute sari banaketa. Aurten, bertsolaritza, eta oro har, euskal kultura eta euskal nortasunaren alde egindako lana eskertzeko, Senperen bizi den Andoni Iturriozek paratuko dio txapeldunari txapela.

Sarrerak

Finaleko sarrerak Interneten (www.bertsosarrerak.eus) eta hainbat tokitan eros daitezke: Senpereko Larraldea baserrian, Bertsularien Lagunak elkartearen egoitzan, Baionako Elkar dendan, Hazparneko Xuriatean, Donibane Garaziko Irulegiko Irratian, Pausuko Xaia ostatuan eta Itsasuko Herriko Etxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun