Duela 54 urteko arrats hartan, Jangoneko Bordako Miguel Mari Iturbidek, Iruingo bordako Jesus eta Juan Pedro anaiekin, aratxeak Iparraldera pasatzeko asmoa omen zuen. Baina antza, Laputsegaraia tokitik hurbil guardia zibilek tiroka hartu zituzten eta Iturbide hantxe hil zen. Bertze bi lagunak ihes egin zuten. Gorputza altxatu zutenean, bere gorpuaren ondoan pistola bat agertu zen eta guardia zibilek Iturbidek eurei tiro egin ziela eta hauek, babesteko, tiroz erantzun ziotela kontatu zuten. Gerora, ETAko kidea zela ere erran zuten.
Baina tiroketaren lekuko izan ziren Jesus eta Juan Pedrok kontatu omen zuten benetan gertatutakoa; «Miguel Mari Barrentxea etxean zegoen Eutikio Chamorro Chamorro guardia zibilak bizkarrean tirokatu zuela», alegia. Horrekin batera, lekukoen arabera, «tirokatu ondotik Barrentxera bueltatu ziren bertze pistola bat hartzera, eta Iturbideren eskuan paratu zuten». Horrez gain, «kontrabandoko aratxeak ahalik eta gehien sakabanatu zituzten, gaztearen hilketa justifikatzeko».
Gertaera hartatik 54 urtera, atzo, azaroaren 7an, Iturbide gogoan izan zuten. Bertzeak bertze, joan den urtean 410. urteurrenaren harira, Logroñon epaitutako herritarren oroimenez landatu zuten sagarrondoaren tokira ere hurbildu ziren, Etxeberriko atera. Logroñon epaitutako herritarrak ez ezik, Iturbideren omenez ere lore maxota paratu zuten iaz herritarrek toki berean, eta aipatzekoa da Logroñon zigortu zituzten egun berean hil zutela Iturbide.
Horrez gain, hainbat herritar eta senitarteko hilerrian bildu ziren lore eskaintza egiteko, eta Xabier Susperregiren liburu aurkezpenak ere jende andana erakarri zuen Sorginen Museora. Hainbat atal ditu liburuak: senitartekoen, lagunen eta herritarren lekukotasunak, garai hartako Zugarramurdiko kontuak, Elizalderen eta bere ingurukoen argazki ugari, olerkiak, ikerketa lanaren emaitza...