Landibar bentako Julen Zubietak irabazi du Dantxarineko Pintxoaren Hamabostaldia

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 2a, 15:00

Urriko azken hamabostaldian bentetako jatetxeek pintxo bana aurkeztu dute eta epaileek zein publikoak erabaki dute irabazlea

Urriaren 15ean hasi zen Dantxarineko Pintxoaren Hamabostaldiaren 8. edizioa eta igandean erabaki zuten epaileek irabazlea: Landibar bentako Julen Zubieta. Gainera, publikoaren saria ere irabazi du, boto gehien lortu dituelako. Urtero bezala, zazpi bentetako jatetxeek parte hartu dute lehiaketan; Agusek, Axularrek (Drunken Duck), Biokek (Lapitxuri Jatetxea eta Snack), Landibarrek, Pacok, Pantxok eta Peiok.

Aurtengo baldintza sukaldariek onddoak eta urdaiazpikoa erabiltzea zen, eta Zubietaren pintxoak irabazi du ogia, kalabazin arrautzaztatua, urdaiazpikoa eta gasna erabiliz pintxoan eta onddo saltsaz, porru frijituaz, piperraz eta ozpinez lagundua.

Honez gain, pintxoak dastatu eta gustukoenaren alde bozkatu dutenen artean, bi zozketa eginen dituzte. Dantxarinean bozkatu eta haien datuak sartu zituztenen artean Mutrikuko Haitzalde landetxean asteburu bat zozketatuko dute eta Facebook bidez bozkatu dutenen artean bi lagunentzako bazkaria jatetxe irabazlean, hau da, Landibarren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun