Larunbatean ospatuko dituzte Sarako besta ttipiak

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 28a, 14:00
Larunbatean ospatuko dituzte Sarako besta ttipiak.

Buruileko bestak gibelean utzita, asteburu honetan errebestak edo besta ttipiak antolatu ditu Sarako gazteriak. Kirolaz gozatzeko eta bestarako aukera izanen da.

Eguerdian, 12:00etatik goiti aperitifa emanen dute eta ordu horretan hasiko dira pala txapelketako finalak plazan. Eguerdian hasi eta 18:00etan jokatuko dute hondar finala; guztira sei partida. 

Gazteek lehen aldizkoz antolatu dute aurten pala torneoa, eta erantzun ona izan du 32 taldek parte hartu baitute. Finalak bestetan egiteko asmoa zuten, baina ordurako ezin izan zituzten partida guztiak finitu eta hala, asteburu honetan eginen dute.  

Afaria eta animazioa

18:00etan kiroldegian aperitifa izanen da eta 21:00etan afaria hasiko da. Txartelak  22 eurotan daude eta atzokoa izan zen   txartelak erreserbatzeko hondar eguna. Afaria girotzeaz Elektrozarata txaranga arduratuko da. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun