Izpurako Faustin Bentaberri aretoan jokatuko da larunbatean Xilaba bertso txapelketako azken final aitzinekoa, eta bertan erabakiko da zein sei bertsolarik kantatuko duten Donibane Lohizunen jokatuko den finalean. Patxi Iriart Hiribarren, Egoitz Zelaia, Gillen Hiribarren, Odei Barroso Gomila, Maindi Murua Berra eta Johaine Sarraillet bertsolariak ariko dira kantuan larunbatean, Joana Itzaina gai jartzaile dutela.
Saiorako sarrerak Izpurako Faustin Bentaberri aretoan bertan eskuratu daitezke 16:00etatik aitzinera. Gainera, finalerako sarrerak ere izanen dira salgai Bardozen. Saiora sartzeko derrigorrezkoa izanen da osasun pasea aurkeztea.
Finala erabakitze bidean
Beren saioak irabazita Amets Arzallus Antia eta Maddalen Arzallus Antia bertsolariek dagoeneko lortua dute finalean kantatzeko aukera. Izpurako saioko irabazlea ere zuzenean igaroko da finalera. Puntu gehien dituzte bertze hiru bertsolariek osatuko dute finaleko seikotea.
Finala azaroaren 13an jokatuko da Donibane Lohizuneko Jai Alai frontoian.