«1967ko gaua da eta Baztango mendi bideak poliziaz eta iheslari portugaldarrez bete dira. Ezkutuan kontrabando talde bat behiak garraiatzen doa. Tentsioa agerikoa da eta traizioaren hotzikara aziendaren usainarekin nahasi egiten da». Halaxe dio Hezur Berriak filmaren sinopsiak. Aritz Lazkanok egina da gidoia eta bere esku geldituko da zuzendaritza lana ere. Urriko azken eta azaroko lehenbiziko asteburuetan grabatuko dute Urdazubin, Nafarroa, zinemaren lurraldea lehiaketaren baitan. Aktoreen lantaldean, berriz, Javi Barandiaran, Ana Furones, Oier Zuñiga, Juanen Saralegi lesakarra, Aritza Rodriguez, Elodie Douvry eta Zé Garcia ariko dira.
Skullmendi Films etxearen arabera, «Hezur Berriak ez da kontrabandoari buruzko istorio bat bakarrik. Kontrabandoaren iruditeriaz baliatuz, inmigrazioa, sekretuak, giza esplotazioa, beharra, eta garai bakoitzeko baldintza eramaileak diren pertsonaiak» landu nahi dituzte, «fikzioak errealitateak uzten diguna baino haratago ailegatzeko aukera ematen baitigu». Gaineratu dutenez, «kontrabandisten eta Portugalgo erbesteratuen arteko isilpeko gertaera latzak ditu film laburrak oinarri». «Harritzekoa» iruditzen zaie «zeinen gutti zabaldua dagoen, 60ko eta 70eko hamarkadetan lurralde hauek ihesian zeharkatu zituzten portugaldarren kopurua eta hauek jasotako tratu miserablea. Gure gizarteko multzo batek etekina atera zion bertze gizaki batzuen bizirauteko larritasunari. Kontrabandoaren irudi heroikoa ez dator bat euskaldunon kultur tradizioarekin: gure mitoetan ez da heroirik ageri, irudi hori gizarte heteropatriarkalaren ideia baita».
Azaldu dutenez, «gure gain hartu dugu produkzioaren kostuaren gehiengoa, baina laguntza behar dugu lantaldearen duintasun maila egokitzeko eta Hezur Berriak mundu osoko film laburren jaialdi eta giza eskubideen zinemaldietara zabaldu ahal izateko». Itsulapikoa plataformaren bitartez egiten ahalko da ekarpena.