Iazko etenaren ondotik, berriz ere jokatu dute aurten Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, eta Haira Aizpurua Ibargarai saratarrak irabazi du txapela. Abadiñon jokatu zuten finala igandean 230 bertsozaleren aitzinean. Udaberritik hasita lurraldez lurralde egin diren saioetatik sailkatutako euskal lurralde osoko hamaika bertsolari gaztek kantatu zuten finalean, tartean eskualdeko bik: Haira Aizpurua Ibargarai saratarrak eta Eki Mateorena Zozaia leitzarrak.
Hasierako agurra eginda, hura ere puntuagarria, bina bertso bota zituzten zortziko handian eta txikian bertsolari gazteek. Ariketa horietan puntu gehien jaso zituzten sei parte-hartzaileak igaro ziren hurrengo fasera: Beñat Astiz, Ekain Tolaretxipi, Haira Aizpurua, Maddi Agirre, Naia Arrizabalaga eta Oneka Arteaga. Bigarren fasean puntuari erantzun eta bakarka aritu ziren bertsolariak.
Igor Elortzak paratu zion txapela Aizpuruari, eta txapelketatik harago, plazan kantuan jarraitzeko deia eginez bota zuen agurreko bertsoa. Anaiari eskaini zion txapela: "Ametsetako txapel eder hau eskaintzen diot anairi, sortu denetik nire bizitza alaitu duenari".