Bihotzak Josiko Ditugu Berriz kontzertu-sorta bukatzera doa. Hirugarren eta hondarreko hitzordu horrekin, jadanik bere misioa bete du Usopopen ekimenak: «elkarrekin momentu goxoak bizi ditugu musikaren inguruan». Aldi honetan, bertze behin Sarako Santa Katalina kaperan elkartuko dira azaroaren 14an, igandean 17:00etan, «leku magiko horren bibrazioarekin murgiltzeko», bi proposamen artistikok lagundurik.
Amorante bakarlaia eta Choc Gazl taldea
Alde batetik Amorante ariko da. 2020an Iban Urizarren bigarren lanarekin loriatu ginen. Zazpi kantuz osaturiko bilduma bat aurkezten digu Aitor Etxebarriaren ekoizpen nabarmentzekoarekin. Urte berezi hori zeharkatzen lagundu gaituen disko bat, folk herrikoi unibertso modernoen artean.
Bertzetik, edertasun gordin bat taularatu nahian Choc Gazel taldea bi kidek osatzen dute. Alde batetik, Cocanha talde okzitandarraren sortzailea den Lila Fraysse kantaria/bateri jolea eta bertzetik Nicolas Lafourest rock gitarra jolea. Bikoteak esperientzia hibrido bat eskaintzen dute tradizioa eta esperimentazioaren artean eta 2022an lehen lan luzea plazaratuko dute Pagans zigilupean.