Zangoak Arin elkarteko biltzar nagusia egin dute Saran

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 19a, 16:00

Zangoak Arin taldekoak Pays Cathareko Pech de Bugarach mendian.

Jean Granetek segituko du lehendakari, Xabi Larregle izanen da diruzain eta Béatrice Olivier idazkari.

Sarako Zangoak Arin elkarteak urriaren 14an egin zuen bere Biltzar Nagusia, Lur Berri gelan. Jean Granet lehendakariak denei ongi etorria egin zien, baita oroitzapena ere mundu honetatik gan diren kideei.

Bruno Dubosq Departamenduko lehendakaria kexu da pandemia honekin laguntza gutiago dutelako elkarteetan, baina Saran ez dute holakorik, emendatu baitzaie eta denak kontent dira. Gero mintzatu ziren aurten egin dituzten aktibitateei buruz, baita heldu den urtekoez ere. Xabi Larregle diruzainak eman zituen urteko kontuak, positiboan, eta horretan bukatu zen bilkura. Ondotik, 60 bat kidek bazkari on bat egin zuten Pikassaria jatetxean, Jean Jacquesek prestatua eguna bukatzeko dena umore onean.

Lur Berri gelan egin zuten biltzarra.

 

Bulegoan aldaketarik ez

Bulegoa ere bozkatu zuten bainan ez da aldaketarik:  Jean Granet lehendakaria, Xabi Larregle diruzaina eta Béatrice Ollivier idazkaria.

Jean Granet lehendakaria solasean.

 

Pays Catharerat ateraldia

Aipatzekoa da aitzin horretan Zangoak Arin elkarteko bederatzi kidek egin dutela ateraldi bat Pays Cathare  ingurura. Queribus eta Peyrepertuse gazteluak, Galamus ibaiak, arrokan egina den ermita bisitatu dituzte. Pech de Bugarach mendirat (1230m) ere upatu dira. Ateraldi gaitza egin dute eta denak izigarri kontent itzuli dira. Urtero taldeak egiten ditu horrelako ateraldi batzuk.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun