'Sormenean hezi, kulturan bizi' bigarren jardunaldiko lehen saioa Senperen eginen dute urriaren 23an

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 19a, 08:00

EuskarAbentura (kideak Larhunen argazkian), bertso-udaleluak eta bertze zenbait adibide izanen dituzte hizpide larunbatean Senperen.

Kultur sorkuntzaren transmisioaz ariko dira Larraldean larunbat goizean.

2019ko urrian ehun lagun baino gehiago bildu ziren Azpeitian Sormenean Hezi, Kulturan bizi I. jardunaldian. Jardunaldiok antolatzeko abiapuntua argia zen: euskal kulturgintzaren transmisioan (ezagutzan eta praktikan) etena eman da. Ondorioz euskal kulturgintzaren transmisioa ez dago bermatuta hezkuntza arautuan, hezkuntza ez-arautuan eta familia edo etxe giroan.

Azpeitiko jardunaldiak hezkuntza arautuan euskal kulturgintzaren transmisioaren egoeraren erradiografia egin eta Euskal Herri osoan elkarrekin aritzeko prest leudekeen eragileak identifikatzeko antolatu zituzten. Jardunaldi haietatik sortu zen gaur egun lanean ari den Euskal Herri osorako ikuspegia duen lan-talde bat. 

Abiapuntu eta helburu berberekin antolatu dituzte 2021eko urria eta azarorako bigarren jardunaldiak. Senpereko Larraldean eginen dute lehen saioa urriaren 23an, larunbatean 10:00etatik 14:00etara. Ondotik etorriko dira Laudion (Araba) azaroaren 6an, Lesakan (Nafarroa) azaroaren 13an eta Azpeitian (Gipuzkoa) azaroaren 20an eginen dituzten lan-saioak.

Senpereko egitaraua

Senpereko Larraldean, beraz, urriaren 23an, larunbatean 10:00etatik 14.00etara eginen dute aurtengo jardunaldietako lehen saioa, honako egitarauarekin:

  • 09:00-09:30 - Harrera eta dokumentazio banaketa.
  • 09:30-10:00 - Sarrera eta ongi etorria. Tokiko eragileak.
  • 10:00-10:30 - 1.aurkezpena: Ikus-entzunezkoak.
  • 10:30-11:30 - 2.aurkezpena: Literatura.

- Ikusimusi. (Galtzagorri)

  • 11:00-11:30 - Atsedena
  • 11:30-12:30 - Mahai ingurua: Gazteak eta kulturgintzaren transmisioa, belaunaldiartekotasuna.

- Bertso-udalekuak.

- EuskarAbentura.

  • 12:30-13:30 - Mahai ingurua: Kulturgintza sozializatzeko plazak: aretoak, kalea, internet.

- Pantailak euskaraz.

 

Izen-ematea

Senpereko saiorako izena emateko Udako Euskal Unibertsitateko webgunean sartu behar da (www.ueu.eus). Matrikularen prezioa 10 eurokoa da eta urriaren 18a baino lehen eman behar da izena. Gehienez ere hogei lagunentzako lekua izanen da.

Jardunaldiotatik Euskal Herri osorako ikuspegia duen lan-talde bat osatu nahi dute, zeinak euskal kulturgintzaren transmisioa (ezagutza eta praktika) eskolaz kanpo nola bermatu genezakeen aztertu eta proposatuko duen.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun