Amets Arzallusek irabazi du Xilaba txapelketako azken kanporaketa

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 13a, 10:30

Joan den larunbatean jokatu zuten Gabadin Xilaba Bertsulari Txapelketako laugarren eta azken kanporaketa eta Amets Arzallus Antia nagusitu zen. Azken kanporaketa jokatuta, finalerdietarako txartela lortu duten 18 bertsolariak zein izanen diren argitu da.

469 puntu lortuta, saioko irabazlea izan zen Amets Arzallus Antia. Honela gelditu zen sailkapena.

  1. Amets Arzallus Antia: 469
  2. Odei Barroso Gomila: 440,5
  3. Maddi Sarasua Laskarai: 424
  4. Egoitz Zelaia: 414,5
  5. Maindi Murua Berra: 406
  6. Johaine Sarraillet: 382

Lehenbiziko finalerdia larunbatean Maulen

Kanporaketak jokatuta, hiru finalerdi jokatuko dituzte orain eta horietan lehenbizikoa larunbat honetan, urriaren 16an, Mauleko Maule Baitha gelan izanen dute. Sei bertsolari hauek ariko dira: Amets Arzallus Antia, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Maddi Sarasua Laskarai, Aitor Servier Etxexuri, Kerman Diaz eta Karlos Aizpurua Etxarte. Aurkezlea Oihana Larrandaburu izanen da eta saioa 17:00etan hasiko da. Sarrerak bertan erosten ahalko dira.

Finalerdietako bertze bi saioak Bardozen eta Izpuran eginen dituzte.

Urriaren 23an, Bardozeko Ezker Paretan, 17:00etan, Miren Artetxe Sarasola, Maddalen Arzallus Antia, Xumai Murua Berra, Ramuntxo Christy, Irati Alcantarilla Urdanpilleta eta Iker Altuna bertsolarien txanda izanen da. Aurkezlea Pantxika Solorzano izanen da.

Urriaren 30ean, Izpurako Faustin Bentaberri gelan, 17:00etan, Patxi Iriart, Odei Barroso Gomila, Egoitz Zelaia, Maindi Murua Berra, Gillen Hiribarren eta Johaine Sarraillet bertsolariak ariko dira. Aurkezle lanetan, berriz, Joana Itzaina ariko da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun