Patxi Iriart Hiribarren nagusitu da Xilabako Hiriburuko saioan

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 4a, 18:00

Aitor Servier Etxezuri izan da bigarrena eta Kerman Diaz hirugarren.

XILABA 2021 Bertsulari Txapelketako hirugarren kanporaketa saioa jokatu zuten larunbatean Hiriburun Antton Lannesek gidatua. Bertsuzale andana bildu zituzten La Perle aretoan eta Patxi Iriarte Hiribarren izan zen irabazlea 416,50 punturekin, beraz, zuzenean sailkatuko da hurrengo fasean kantatzeko. Horrela gelditu zen sailkapena guztia:

  1. Patxi Iriart Hiribarren - 416,5
  2. Aitor Servier Etxexuri - 410,5
  3. Kerman Diaz - 399
  4. Iker Altuna - 382,5
  5. Josu Txoperena Iribarren - 359,5
  6. Pettan Prebende - 319,5

Urriaren 9an azken kanporaketa saioa Gabadiko Herriko gelan iraganen da, 17:00etan. Bertze sei bertsolari ariko dira: Johaine Sarraillet, Amets Arzallus Antia, Maddi Sarasua Laskarai, Maindi Murua Berra, Odei Barroso eta Egoitz Zelaia.

Kanporaketak bukatuta, hiru finalerdi jokatuko dituzte: urriaren 16an Mauleko Maule Baithan, urriaren 23an Bardozeko Ezker paretan eta urriaren 30an Izpurako Faustin bentaberrin. 17:00etan izanen dira eta fase honetan kanporaketetatik sailkatuko diren hemezortzi bertsolari ariko dira.

Hala erabakiko dute finalean ariko diren sei bertsolariak zein izanen diren: finalaurrekoetako hiru saioetako lehenak eta puntuazioaren arabera lehenbiziko bertze hirurak. Finala azaroaren 13an izanen da, Donibane Lohizuneko Jai-Alai pilotalekuan, 17:00etan. Puntu gehien metatu duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatu ondotik, erabakiko du nor izanen den aurtengo Xilaba txapelketako txapelduna.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun