«Telebistaren magiak, irratiaren xarmak eta prentsa idatziaren sakontasunak» liluraturik hartu zuen kazetaritzaren bidea Franck Dolosor Laduchek (Senpere, 1977). 18 urte zituen orduan, eta geroztik ibilbide emankorra egin du. Ipar Euskal Herriko albisteen aurpegi eta ahots izan da urtez luzez, eta orain, 22 urteren ondotik, ETB utziko duela iragartzeak erreakzio andana sortu du, arrastoa utzi duen seinale. Orain arte egindako ibilbide luzeaz eta hemendik aitzinerako bere asmoez solastatu da Ttipi-Ttaparekin.
1996tik kazetari. Zergatik?
Hedabideak beti gustukoak izan ditut, telebistaren magia, irratiaren xarma eta prentsa idatziaren sakontasuna. 18 urtetan kazetari izatea erabaki nuen berriak emateaz gain molde eraginkorra baita euskara sustatzeko.
Irratian, telebistan eta prentsan ikusi zaitugu...
Eta sarean, nola ez. Euskarak eta euskaldunok euskarri guzietan egon behar dugu beti. Herritarrak dauden toki guzietan egon behar da zubigintzan beti, harremanak sortu eta sendotzeko.
Gure Irratian, Radio Euskadin eta Urdin Euskal Herria Irratian aditu dugu zure ahotsa...
Euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz, denetan eta denekin pozik. Beti ikasten da.
Telebistan ETBn, albistegietan eta Iparraldearen Orenean...
Iparraldearen Orena saio maitagarria da, leiho paregabea. Amets egiten dut ETB1ek holakoak egitea Nafarroa mendialdean, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako zonbait eskualdetan, eremu horietan gertatzen diren zonbait gauzek ez baitute aski oihartzunik. Horko herritarrak leialak dira eta holako saioak merezi dituzte.
Prentsan ere ibili zara...
Ttipi-Ttapan senpertarren laurden batek erroak Nafarroan dituenez, harremanak berpiztea egokia iruditu zitzaigun eta Noticias Taldean ere aritu naiz, 20 bat urtez hor ere zubiak eraikitzen.
Zer eman dizu horietako bakoitzak?
Jendea ezagutzeko parada izan dut eta ez dago herritarrekin mintzatzea bezalakorik. Kazetari izanez, ainitz ikasteko parada izan dut.
Baduzu bereziki gogoan gelditu zaizun berririk?
Ainitz. Emazteen hilketak edo jihadista batek Okzitaniako Tolosan zazpi lagun, tartean haurrak, hil zituenekoa. Beraien odola lurrean zegoen oraindik harat heldu nintzelarik. 2017an Euskal Hirigune Elkargune sortu zenekoa ere gogoan dut, Ipar Euskal Herriko lehen erakunde politikoa. Lanean hasi nintzelarik ez nuen uste holakorik ikusiko nuenik aldarrikapen horrek 225 urte zituelako. Urteetan ETAren kontrako operazioak ere segitu behar izan ditut, disoluzioa ere bai. ETAk Capbretonen 20 bat urteko bi guardia zibil hil zituen atentatua ere segitu nuen eta Rodriguez Zapatero eta Perez Rubalcaba Baionako ospitalerat etorri ziren eta biak bi metrotara nituela zuzeneko konexioa egin nuen euskaraz, Gaur Egunen.
22 urteren ondotik ETB uztea erabaki duzu. Zergatik?
Gustura nengoen. ETBn lan egitea haur denborako ametsa zen eta ongi bete dut. Egin dezakedan guzia mila aldiz egin dudanez, 44 urte bete berritan erronka berria eman diot neure buruari.
Hasiera hartako nolako oroitzapenak dituzu?
Lehen bideoa Bordelen egin nuen, Nicolas Sarkozy orduko barne ministroarekin. Egun batzuen buruan Prestige hondoratu zen Galizian, eta orduan hamarnaka zuzeneko egin nituen kostaldetik, Arcachon eta Hendaia artean.
Aunitzentzat Ipar Euskal Herriko albisteen aurpegi izan zara.
Aurpegia baino gehiago ahotsaren bidez ezagutzen nau jendeak, supermerkatuetan edo Senda Vivan. Parisen, LogroÒon eta Toledon ere ezagutu ninduten behin, Athleticeko zaleak zirenez, Teleberri ikusteko ohitura zuten, harrigarria!
ETB uzteko erabakia iragartzeak erreakzio andana sortu du sare sozialetan...
Milaka mezu hartu ditut egun hauetan. Harritua naiz, biziki. Kazetari batek ez du sekula berria edo protagonista izan behar, baina aldi honetan hori gertatzen ari da. Egiten dudan guzia errespetu eta maitasun handiarekin egiten dut beti eta uste dut ikus-entzuleek hori sumatu dutela.
Orain Urdin Euskal Herria Irratian hasi zara. Zehazki zertan?
Orain arte bezala, euskaraz berriak ematen ditut, eta aspaldiko partez frantsesez ere bai. Irrati publikoaren albistegietan ari naiz, eta astegunez goizero hiru albistegi ditugu euskaraz. Noizbait aurkeztea ere egokitu zait eta webgunean idatzi eta bideoak ere egiten ditugu. Heldu den urtean, irratiaren goizeko saioak telebistan hedatuko dituzte eta tokiko etengabeko albistegi katea sortuko dute, Parisen jadanik egiten dutena hemen eginen dugu. Ipar Euskal Herriko irratirik entzunena da, egunero 48.000 entzule biltzen dituelako, eta horrek erran nahi du sei herritarretik batek egunero entzuten duela. Hori hedabide gutik lortzen dute. Sail guzietan hoberenak kontratatzen dituzte, umorea egiteko, zezenketak, errugbia edo txirrindularitza aipatzeko. Futbol saioak, erraterako, Bixente Lizarazuk aurkezten ditu. Hendaiarra munduko txapelduna izan zen 1998an eta komentarista hoberenetarikoa da.
Hiru hizkuntzatan ongi moldatzen zarela ikusi dugu urteotan. Hiruretan eroso edo batean bertzeetan baino erosoago?
Niretzat errazena euskara da, bihotzean izateaz gain, ainitz lantzen baitut. Orain frantsesa lantzen dut, ikasketak hizkuntza horretan egin nituen baina lan egitea ez da gauza bera. Biziki gustukoa dut, gaztelania bezala. Gaztelaniako irakasle onak izan nituen eta lagun hoberenekin Cervantesen hizkuntzan aritzen gara, horrek ainitz laguntzen nau, ez baita murgiltzea bezalakorik.
ETB uzteak aldaketa handia eragin du zure egunerokoan?
Ez. Azkenean, lan bera da eta bi enpresak ondoan daude Baionan. Nire bulego berritik EITBren egoitza ikusten dut. Lankide ohiengana kasik egunero joaten naiz.
Nolakoa da gaur egun zure egunerokoa?
Orain arte bezala, egunkariak irakurri, irratiak entzun, erredaktore buruari gaiak proposatu, finkatu eta jo aitzinera. Gero egunean zehar batzuetan aktualitateagatik dena aldatzen da, eta beti prest egon behar da.
Hala ere, Radio Euskadin segitzeko asmoa duzu...
Gaur egunen eta Teleberrin ez naiz gehiago agertuko, baina Iparraldearen Orenean bai, nik egindako azken erreportajeak udazken honetan emanen dituzte. Larunbat gauetan, 21:15ean, Iparraldeko leihoa aurkezten segituko dut Radio Euskadin, futbolik ez delarik, hori bai. Gisa honetan, hiru mintzairetan segituko dut lanean.
Urteotan zein aldaketa ikusi dituzu telebistan eta irratian?
Tresnak aldatu eta erritmoak indartu dira. Dena gero eta lasterrago egin behar da. Laster aritzea ez da beti egokia, hobe baita berriak sakontzea eta zerbait gehiago ekartzea.
Anekdotak ere izanen dituzu...
Carmen Sevilla elkarrizketatu nuen behin Luis Marianok Arrangoitzen duen hilobia ikustera etorri zelarik. TVEren Cine de Barrio grabatu zuten, biziki atsegina izan zen gurekin bortz minutuko tartea ordu erdikoa bilakatu baitzen. Madrilgo lankideak sutan zeuden guregatik, baina Carmen Sevilla gustura zegoen gurekin!
Goitik presiorik hartu duzu?
Presioa baino gehiago, komentario desatseginak jasan nituen euskaltzaleak ez ziren agintariak pairatu behar izan genituen garaian. Irainak ere aditu izan ditut bertze batzuen aldetik, baina nahiago dut beraien tokian baino nirean egon...
Zein da ematea tokatu zaizun albisterik gogorrena?
ETAk Capbretonen hil zituen bi guardia zibilena. Bertzalde, behin, apez euskaldun bat kanporatu zuten emazte batekin bizi zelako. Bien arteko begiradetan maitasun handia ikusi nuen, gutitan ikusi izan dut holako amodioa baina... Tristea iruditu zitzaidan, amodioa ez baita bekatua. Ostikoka aritzea baino ederragoa da baina...
Kazetaritza lanera mugatu gabe, bi ikerketa liburu ere egin zenituen: Senperetik Senperera, begirada bat XX. mendeari (Elkar, 2009) eta Matxin Irabola, Senpereko bertsularia (Elkarlanean, 2010)...
Berriemaile kuadrilla sortu genuen, adin handiko bederatzi emazte eta bederatzi gizon. Gehienak zendu dira jadanik. Osaba eta izeba bezala bilakatu ziren niretzat. Ainitz zor diet eta betiko bihotzean ukanen ditut, haiekin egin solasek urrea baino gehiago balio dutelako.
Zer ikasi zenuen haiekin?
Duintasuna. Nahiz eta baliabide guti izan, maitasunarekin eta ongi egin lanaren bidez, beti aitzinera segitu dute. Gaur egungo arazoei biharko aterabideekin erantzun behar zaie, baina historiak perspektiba eskaintzen digu. Ikusiz zer zailtasun bizi eta gainditu duten, guk ere neurria eman behar diegu gauzei.
Ipar Euskal Herria eta bereziki Senpere ezagutzeko egin duzun ahaleginaren parte dira?
Senpertar ainitzek bezala, nik ere nire harri ttikia ekarri nahi izan dut. Nik pixka bat eman dut, eta ainitz bildu. Argi da aberastasuna ez duela diruak ematen. Euskal Herriko herri guzietan egin dituzte holako lanak eta guk ere zerbait egin behar genuen.
Estitxu dokumentala ere hor dago. Zein bide egin zuen?
Aitzindaria izan zen, Euskal Herriko ahots ederrenetakoa, mundu mailan ere bai. Amerikarra izan balitz, telesaila izanen zuen Netflix bezalako plataformetan, baina euskalduna zenez, kolpeak baizik ez zituen hartu. Gure betebeharra da Estitxu omentzea eta Robles Arangiz familiari eskerrak ematea, ekarpen paregabea egin baitiote gure kulturari, kantua eta irriaren bidez. Goi mailako artistak dira, eta orain lagun onak!
Halako lan gehiago etorriko dira?
Estitxu bezalako lan bat egitea zaila izanen da, bakarra baitzen zinez, ederra alde guzietatik. Hala ere, eskuin eta ezker, herritar baliosak daudenez, baliteke noizbait lan gehiago egitea, zergatik ez?
Ipar Euskal Herritik nola ikusten duzue hegoaldea?
Niretzat dena bat da. Senpertarra naiz, % 200 senpertartzat dut neure burua. Aita senpertarra da, ama azkaindarra, baina amatxi aranztarra zen eta aitatxiren aldetik ataundarrak ziren. Loturak izan ditut beti Nafarroa Garaiarekin eta Gipuzkoarekin. Udako etxea Arabako Errioxan daukagu eta badira 22 urte dudan denbora libre gehiena Bilbon igarotzen dudala. Lapurdi eta Bizkaia artean nabil astero, Araba eta Nafarroa Garaian barna ere bai... Desberdintasunak zoin diren argi dago, baina elkartzen gaituena interesatzen zait. Mugak sakontzea baino hobe da zubiak eraikitzea, denak irabazle izateko. Bertze batzuek banatzea nahi dute, baina guk batasuna nahiago dugu. Eta aldarrikatzea baino hobe da bizitzea, egun guziz naturalki eta euskaraz, ahal bada.
Hegoaldekoek hurbil edo urruti ikusten dute Ipar Euskal Herria?
Hegoaldeak gero eta gutiago begiratzen dio Iparraldeari. Alta, lurraldetasunik gabe ez da euskaltasun osorik. Nafarroa Garaia gure herriaren bizkarrezurra da eta Iparraldea teilatua. Ba ote da etxe sanorik teilaturik gabe?
Non ikusten duzu etorkizunean zeure burua?
Orain arte bezala, herriz herri ibilki eta herritarrekin kalakan.
MOTZEAN
Zeure burua hitz guttitan.
Berriketari senpertar euskaltzalea.
Zein afizio dituzu?
Korrika eta parranda egitea.
Liburu bat?
Mikel Aiestaranen Jerusalen, santa y cautiva (Jerusalem, santua eta gatibua)
Kazetari bat?
Sonia Hernando.
Nor elkarrizketatuko zenuke?
Ingalaterrako erregina, hogeigarren mendeko lekuko paregabea baita.
Irratia ala telebista?
Aita eta amaren artean nor nahiago? Aitatxi eta amatxiren artean? Ezin dut hautatu.
Zein albiste ematea gustatuko litzaizuke?
Euskarak egiazko lege babesa duela Euskal Herri osoan, babesa eta erabilera.
Senpereko txokorik gustukoena?
Ortzango erreka.
Bizitzeko toki bat?
Euskal Herria.
Nora bidaiatuko zenuke?
Ameriketako Estatu Batuetara eta Israelerat.
Amets bat?
Denek osasuna izatea.