Iñaki Ariztia

«Alkerdi babesten ari gara baina batzuen irudiko mantsoegi»

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 26a, 12:00

Iñaki ARIZTIA URRIZA, Urdazubiko alkatea.

2019ko ekainean hartu zuen Urdazubiko aginte makila eta geroztik egin duen bideaz eta bertzeak bertze, turismoaz, Alkerdiz, guardiako medikuen aferaz eta eskua artean dituzten bertze kontuez solastatu da TTIPI-TTAPArekin.

Zinegotzi zela ezagutu zuen Urdazubiko Udala barrenetik, eta alkatearen aginte makila eskuan hartuta segitzen du bidean. 2019ko ekainaz geroztik Iñaki Ariztia Urriza (Urdazubi, 1980) da Urdazubiko alkate. «Nire herria ezagutzen eta maitatzen duen herritartzat» du bere burua eta egindako bidea, herriari bete-betean eragiten dioten turismoa, Alkerdiko harrobia eta bertze hainbat kontu izan ditu hizpide.  

15 hilabete daramatzazu Urdazubiko alkate karguan. Nolako balorazio eginen zenuke? 
Balorazio positiboa eginen nuke. Hasmenta beti zaila izaten da udaletxe barneko egitura ezagutu arte, baina ardura gogotsu eta indarrez hartu nuen.  

Santiago Villaresen 12 urteko agintaldiaren lekukoa hartu zenuen... 
Santiagorekin batera bere udal taldean zinegotzi ere aritu nintzen (2015etik 2019ra), eta aitzineko agintaldian bere taldearen zerrendan aurkeztu nintzen. Iduri du Urdazubin alkateak ez duela lan aunitz egin behar, herri ttiki bat da baina bere berezitasunak eta Iparraldearekin ditugun akordioak direla eta, esperoan eta prest egon behar da beti ahal denean laguntza emateko.  

«Aldaketa izugarria da zinegotzi izatetik alkate izatera pasatzea»

Zinegotzi izatetik alkate izatera aldaketa handia izan zen? 
Aldaketa izugarria da. Zinegotzi izanda, udaleko edozein arazo zegoenean deitu egiten ziguten, eta ahal genuenean lagundu eta alkateari lan karga hori apaltzen genion. Orain, alkate izanda, lan guztia ezagutzeko aukera dut eta nire ardura da aitzinera ateratzea edo tokatu den lana nori pasatu erabakitzea. 

Pandemia tarteko ezohiko agintaldia izaten ari da... 
Bai, Urdazubin gehien sumatu genuena muga hetsi izana izan zen. Udalaren martxan ere sumatu genuen. Debeku aunitz etorri ziren eta denak leitu eta jakinaraztea gogorra izan zen. Herritarren artean, bertze herri guztietan bezala, beldur handia sortu zen eta garrantzitsua segurtasuna ematea izan zen. 

Dantxarineko pasabidea hestearen ondorioak handiak izan ziren? 
Hasmenta hartan nahiko handiak, bai. Zabor bilketa, adibidez, Iparraldeko enpresa baten esku dago eta muga hetsita, gure herrira pasatzea debekatu zioten. Gauza bera gertatu zitzaien Iparralderat lanera edo erosketak egitera joaten ziren herritarrei.

Turismoa diru sarrera handia da Urdazubirendako. Udal aurrekontuaren zenbatekoa da? 
Zaila da zenbaki bat ematea, baina % 50etik goiti izanen da.

«Azken hamar urteotan bulkada gogorra eman diogu turismoari»

Turismoa zenbat indartu nahi duzue?
Azken hamar urteotan bulkada gogorra eman diogu herriko turismo arloari. Beti bezala, opor garaian lan handia egiten da eta udazkenetik udaberrira lasaitasuna izaten da herrian. Herrian ditugun jatetxe, landetxe, hotel eta bertzelakoak denak pribatuak dira baina gure herritarren gozamenerako ere badira. Beti prest gaude edozein proiektu aurkeztu eta egokia irudituz gero, ahal dugun bezala laguntzeko.

Alkerdiko harrobia ere eztabaida iturri izan da Urdazubin...
Alkerdiko harrobiaren gaiak beldur eta kezka handiak sortu zituen bere garaian, eta oraino ere kezka sortzen du, baina afera nahiko lotua dugu.

«Interes Kulturaleko Ondare izendatua den eremu horretan, ezta Urdazubin ere, ez da inoiz harrobirik izanen, ezta antzeko ustiapenik ere»

Azalduko zeniguke?
Udala, Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentua,  Nafarroako Gobernuko Meategien Atala, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentua eta enpresa errekuperazio planarekin ari gara. Duela aste batzuk denak harrobian elkartu ginen, dena bertatik bertara ikusteko, eta departamentu bakoitzak bere txostenetan galdegiten duena zergatik egin daitekeen edo ez baloratzeko. Urdazubiko Udalak lehendabiziko alegazioetan erreparazio minimo bat eskatzen zuen eta lur mugimendu batzuk errekuperazio planean, gure ustez, aurkikuntza berrietatik kanpo gelditzen direnak. Azken hilabeteotan aurkikuntza gehiago izan dira, galeria gehiago, margo eta aurkikuntza arras garrantzitsuak agertu dira eta horrek dena aldatzen du. Interes Kulturaleko Ondare izendatua den eremu horretan, ezta Urdazubin ere, ez da inoiz harrobirik izanen, ezta antzeko ustiapenik ere. Hori lotua dago.  

SOS Alkerdi plataformak harrobiaren berrezarpen proiektua alde batera uztea eskatu du...
Leheneratze proiektuak zalantza aunitz sortu izan ditu Nafarroako Gobernuko departamentuetan. Horrela adierazi zioten udalari, eta elkarrekin bilera batzuk antolatzen ari gara, irtenbide hoberena zein izanen den adosteko.

Zein da udalaren iritzia?
Urdazubin harrobia arras garrantzitsua izan zen urte aunitzetan. Gero, guti goiti-beheiti 2010etik, itxita eta ustiatu gabe egon zen. Udalak deus jakin gabe, inbertitzaile berriekin berriz hasi ziren lanean eta denok orduan jakin genuen. Geroztik eginahalak egin ditugu harrobiko ustiapena gelditzeko, eta gerora historiaurreko aurkikuntzak agertu direnean, are gehiago. Udalak, urtero, 20.000 euroko partida gorde eta ordaintzen dio Aranzadi Zientzia Elkarteari, aurkikuntza horiek aztertu eta poliki-poliki ezagutzera emateko. Bortz urte daramatzagu horretan eta oraino ez dugu finitu. Udalak beti babestu du eta gure teknikarien aholkuei segituz ahalik eta hobekien ari gara, baina batzuen gusturako mantsoegi.
   
Azken udal hauteskundeei erreparatuz boto kopuruan ez du aldaketa handirik izan Azkar taldeak. 2007an 140 boto, 2011n 154, 2015ean 151, 2019an 147... Boto-emaile fidelak ditu?
Bai, gure boto-emaileak beti fidelak izan dira eta espero dut egindako lanak kontuan hartuta, pixkanaka boto-emaile gehiago lortzea.

Nolako harremana duzue oposizioko Geroa Bai taldearekin?
Lehen oposizioan egon zen Urdazubi Elgarrekin taldearekin harreman zaila izan genuen. Baina orain, Geroa Bai taldearekin, nahiz eta jende bera izan, harreman baikorragoa dugu. Ez gaude denean ados, noski, baina elkarlana indartu dugu.

Guardiako medikuaren faltak ere ezinegona sortu zuen herrian...
Bai, kezka handia. Baina joan den astean falta ziren bajak betetzeko bi mediku berri jarri zizkiguten. Irailaren 16an, ortziralean, Urdazubi eta Zugarramurdiko alkateek eta Xabier Maia Baztango alkateordeak bilera izan genuen Nafarroako Osasun Departamentuko arduradunekin. Gure kezkak jakinarazi genizkien eta eskerrak eman genizkien berriz medikuak jartzeagatik. Epe luzerako erremedioa izanen ote zen galdegin genien, eta baieztatu ziguten lehen arreta bermatua izanen dela gure alderdian eta Baztanen. Lan mahai bat osatzeko proposamena ere hedatu ziguten, gure kezkak eta beharrak lehentasunez betetzeko. Barne erreforma globala egin behar omen dute Osasunbidean, baina ez ziguten aitzineratu zein aldaketa izanen diren..

«Proiektu handiak alde batera utzi eta lehentasuna duten beharretan jarria dugu begia»

Udalak zein proiektu ditu esku artean?
Burutan beti proiektu aunitz ditugu, baina oraingoz, pandemia dela eta, proiektu handiak alde batera utzi eta lehentasuna duten beharretan jarria dugu begia. 

Zein dira lehentasuna duten proiektu horiek?
Auzo batzuetan saneamendua berritu nahi dugu, Euskal Hirigune Elkargoarekin uraren eta hondakinen alorrean ditugun hitzarmenak ere berritu nahi ditugu, hondakinen bilketa hobetu eta modernizatu, bide batzuk konpondu, gai sozialetara bideratutako partida ekonomiko batzuk aztertu eta hobetu...

Zein dira zure ustez Urdazubiren ahulguneak eta indarguneak?
Gabezia guti ditugu eta edozein arazo sortzen denean, lehentasunez hura konpontzen saiatzen gara. Indargune garrantzitsuena autofinantzaziorako dugun gaitasuna dela uste dut.

Zein dira etorkizuneko erronkak?
Herritarrek krisi garai hau ahalik eta hobekien pasatzea nahi genuke eta gure esku dagoen laguntza guztia emanen dugu.

Zerbait gaineratuko zenuke?
Urdazubiko udal gobernuko Azkar taldean beti prest gaude herritarrei aditzeko eta beraien kezkak eta lehentasunak mahai gainean paratu eta irtenbideak bilatzeko. Herri honek dituen berezitasunak ezagutu behar dira; mugako edo mugaz gaindiko komertzioak arazoak sor ditzake, baina aldi berean diru sarrerak sortzen ditu, langabeziarik ez dago... Hainbat pentsamendutako jendea izaten ahal gara, baina denok ados gaude herri ikusgarri batean bizi garela eta gure bizimodua babestu nahi dugula erraterakoan. Eta ahal badugu, hobetu nahi dugu, noski.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun