Hiritik herrira, baserrira
Tucumanen, hiru milioi biztanle inguru dituen Argentina ipar-mendebaldeko hiri batean, sortu eta hazi zen Duran baina gaur egun hirurehun biztanle pasatxo dituen herrian, Urdazubin, bizi da.
Hiriko bizimodua utzita, baserri munduan sartua da eta argi du hori dela gustuko duena. Dagoeneko, horretara ohitua dago eta ongi barneratuak ditu bere egitekoak. «Goizean goiz» hasten du eguna: «oilategia ireki, antzarrei sagarrak eman, ardien borda ireki eta bazkatu eta ahate eta oiloetara joaten naiz». Animaliak utzita, telelanaren txanda izaten da: «08:00etan hasten dut lana, etxetik aritzen naiz. Informatikaria naiz eta softwareak, app-ak eta web orrialdeak egiten dituen Bartzelonako enpresa batentzat egiten dut lan. Arratsaldean baratzean aritzen naiz eta gero animaliengana joaten naiz berriz ere».
Euskara hizkuntza baino gehiago
Eguna ongi aprobetxatzen duen horietakoa da Duran, ikasteko prest izaten da beti. Donostiara jo zuenean, erraterako, euskara ikasteari ekin zion: «AEKn hasi nintzen eta hizkuntzaz maitemindu nintzen. Arras polita eta berezia da... baita arras zaila ere». Ikasten segitzen du: «beti ikasten dut zerbait».
«Bizilagunek etxean bezala sentiarazten naute»
Lucas DURAN, Urdazubin bizi den argentinarra
Argi du hizkuntza bere «integrazio prozesuarendako arras garrantzitsua» dela. Izan ere, «hizkuntza komunikazio tresna baino gehiago da. Haren bidez ezagutu dut historia, kultura, ohiturak, mitologia... Eta orain horren parte naizela sentitzen dut. Niretako hemengoak izan eta euskararik ez jakitea zail da ulertzeko».
Ikasketa prozesua «polita» izan da berarendako, «hainbat herrialdetako kideekin biltzeko» aukera izateaz gain txoko batzuk ezagutu ahal izan dituelako: «barnetegian ere izan nintzen Arantzan!». Ahalegina eta denbora behar izan ditu: «ordu aunitz behar dira, poliki-poliki ikasten da». Baina emaitzak merezi du: «hemengo jendeak eskertzen du».
Urdazubin «etxean bezala»
Urdazubik «bizitzako ametsa» betetzeko bide eman dio Durani. Izan ere, baserrian bizitzeko nahia egia bihurtu zaio eta nahi bezala, «naturaren erdian eta animalien bueltan» egiten du egunerokoa. Gainera, etxe atarian du horrenbertze desio zuen baratzea. Bertakoa du bikotekidea eta, horrez gain, «bizilagun onenak» dituela sentitzen du: «etxean bezala sentiarazten naute».
Argentinatik «ama, aita, familia eta lagunak» dira falta dituenak eta haiek bisitatzeko hasieran «bi urtean behin» joaten zen sorterrira. Hondarreko urteetan, ordea, ez du bueltatzerik izan: «hipoteka eta koronabirusa dela eta lau urte daramatzat joan gabe. Heldu den urtean joan ahal izatea espero dut».
«Etorkizunean baserritik eta baratzetik bizi nahiko nuke»
Lucas DURAN, Urdazubin bizi den argentinarra
Hala ere, argi du, joan-etorria egiteko txartelak erosiko ditu, etorkizunean ere Urdazubiko «lasaitasunaz» gozatzen segitu nahi duelako: «hau da bizi kalitatea!». Berarendako duena, amarendako ere izan dadila nahi du eta, akaso, itzulerarako txartel bat gehiago ere beharko du: «leku hau magikoa da eta ama ekarri nahi dut nirekin bizitzeko, hemen gelditzeko».
Momentuz, dena utzi gabe, ametsen gibeletik segituko du eta horrela bizitzen segitzearekin batera «animalia gehiago ere» ekarri nahi ditu familiara, «noizbait baserritik eta baratzetik bizi ahal izateko». Denborak aginduko du eta... «ikusiko dugu!».