Buhaminak taldeak kontzertua emanen du buruilaren 25ean, larunbatean 21:00etan Larreko kulturgunean. Deneri irekitako emanaldia da eta sarrera 12 euro kostako da (8 euro hamalau urtetik beheitikoendako).
Buhaminak taldea
Buhaminak taldea sortu zen orain dela 18 urte, bortz xuberotar kantarieri esker. Hamasei urtez Sophie Larrandabururen gidaritzapean izan ondotik, gaur egun Maialen Errotabeherek zuzentzen du taldea, ipar euskal herri guzitik elkartuz emazteak. «Euskal kantuetatik haratago, hainbat herritako kantuak gure egiten ditugu, batzuk biziki urrunetakoak izanki», diote.
Buhaminak taldeak partekatzen du kantuaren maitasuna, kontzertu denboran zein ondotik, «erakutsiz gure atxikimendua euskal kulturari, euskarari, eta euskal kantagintzari». Buhaminak izena, buhamia eta mina hitzak elkartuz egindako hitz joko bat da, «azaleraziz gure izaera eta nortasuna. Gure nahia, zuekin mementu goxo baten partekatzea da, umore onez, kantuz, eta giro koloretsu baten sortzeko asmoarekin».