Larunbat honetan Makean hasiko da banakako Xilaba

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 16a, 08:00
Aurtengo Xilaba txapelketako parte-hartzaileak.

24 bertsolarik parte hartuko dute eta finala azaroaren 13an Donibane Lohizunen eginen dute. Bi urtez segidan taldeka aritu ondotik, hemen da bakarkako Xilaba. 24 bertsolarik eman dute izena eta larunbatean, hilaren 18an, hasiko da lehia. Finala azaroaren 13an iraganen da, Donibane Lohizunen.

Lehenbiziko kanporaketa  larunbatean Makeako herriko gelan izanen da, 17:00etan, eta sei bertsolari ariko dira: Karlos Aizpurua Etxarte, Mizel Mateo, Irati Alcantarilla, Gillen Hiribarren, Maddi Ane Txoperena Iribarren eta Oier Urreizti.

Bigarren kanporaketa irailaren 25ean, Muskildiko Poson- pesenean eginen dute, 17:00-etan. Sei bertsolari ariko dira: Bittor Thicoïpe, Ramuntxo Christy, Xumai Murua Berra, Xan Alkhat, Maddalen Arzallus Antia eta Miren Artetxe.

Hirugarren kanporaketa urriaren 2rako iragarri dute, Hiriburuko La Perlen, 17:00etan. Josu Txoperena Iribarren, Patxi Iriart, Iker Altuna, Aitor Servier Etxexuri, Pettan Prebende eta Kerman Diaz izanen dira bertsotan ariko direnak.

Laugarren kanporaketa urriaren 9an Gabadiko herriko gelan iraganen da, 17:00etan. Bertze sei bertsolari ariko dira: Johaine Sarraillet, Amets Arzallus Antia, Maddi Sarasua Laskarai, Maindi Murua Berra, Odei Barroso eta Egoitz Zelaia.

Kanporaketak bukatuta, hiru finalerdi jokatuko dituzte: urriaren 16an Mauleko Maule Baithan, urriaren 23an Bardozeko Ezker paretan eta urriaren 30an Izpurako Faustin bentaberrin. 17:00etan izanen dira eta fase honetan kanporaketetatik sailkatuko diren hemezortzi bertsolari ariko dira.

Hala erabakiko dute finalean ariko diren sei bertsolariak zein izanen diren: finalaurrekoetako hiru saioetako lehenak eta puntuazioaren arabera lehenbiziko bertze hirurak. Finala azaroaren 13an izanen da, Donibane Lohizuneko Jai-Alai pilotalekuan, 17:00etan. Puntu gehien metatu duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatu ondotik, erabakiko du nor izanen den aurtengo Xilaba txapelketako txapelduna.

 

Epaile eta gai-jartzaile taldea

Bertsoak epaitzeaz zazpi lagun arduratuko dira: Zuhaitz Olazabal, Ainhoa Sarasua, Abel Zabala, Eneko Bidegain, Maialen Berra, Lur Renteria eta Iban Thicoïpe. Gai-egileen taldean, berriz, bederatzi lagun ariko dira: Antton Lannes, Joana Itzaina, Amaia Castorene, Aritz Bidegain, Amaiur Lujanbio, Lierni Elortza, Pantxika Solorzano, Xabi Elgar eta Oihana Larrandaburu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun