Zugarramurdiko Herriko Etxea berritzeko lana ez du nehork hartu

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 15a, 13:00
Zugarramurdiko Herriko Etxea moldatzeko proiektua berritu eta berriz ere lizitaziorat atera beharko da. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Proiektua egin zenez geroztik materiala aunitz igan da eta murritz gelditu da 491.000 euroko aurrekontua

Zugarramurdiko Herriko Etxea moldatzearen kontura berri txarrak izan dira. Irailaren 3an jakin behar zen ea nork hartzen zituen berritzeko lanak, baino zoritxarrez ez ditu nehork hartu. Diotenez, proiektua egin zenez geroztik, materialaren prezioa aunitz igan da, eta ondorioz gaur egun lanak egiteko aurrekontua murritz gelditu da (491.417,30 euro gehi BEZa).

Beraz, proiektua berritu egin beharko da, hasierako prezioa igan, eta berriz ere lizitaziorat aterako da noizbait. Aipatzekoa da herriko etxearen hiru solairutan egin nahi dituztela lanak. Beheitikoan, bi sarbide bereizi egin nahi dituzte, bat ostatu-jatetxera sartzeko eta bertzea, udal bulegoetara joateko. Gaur egun bigarren solairuan dauden udal bulegoak lehenbiziko solairura eraman nahi dituzte eta bigarrenean erabilera anitzeko aretoa egin. Gaur egun duen sabaia kenduta, teilatuak duen zurezko egitura bistan utziko dute. Bigarren solairuan gelatxo ttiki bat ere izanen da, bulego edo biltegi moduan erabiltzeko. Igogailua ere jarriko dute.

 

Eskola berritua eta Azketa gaineko bidean porlana

Halere, Zugarramurdiko Herriko Etxeak lan pare bat egin ditu uda honetan. Alde batetik, eskolako teilatua aldatu eta kanpoko paretak pintatu, eta bertze aldetik Azketako gaineko aldeko bidea zimendatu. Eskolako lana haundia izan da, eta 58.000 euro kosta da, baina, zorionez, 31.000 euroko dirulaguntza izan da.

Zugarramurdiko eskola pareta eta teilatu berrituarekin.

Bertzalde, Azketako gaineko aldeko bideko lanak franko presaka egin dira. Gero eta jende gehiago ibiltzen da hortik, eta lurra irristakorra denean arrisku egoerak sortzen  omen dira. Beraz, momentuz zimendatu da, eta bertze fase batean harri-xabala emanen zaio.

Azketa gaineko bide zimentatu berria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun