Gela berria eta berrikuntzak egin dituzte Amotzeko eskolan

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 15a, 12:00
Dominique Idiart Senpereko auzapeza eta zenbait hautetsi, Amotzeko eskola berrituaren atean.

170.000 euroko inbertsioa egin dute eta gurasoek galdegindako klase elebiduna edekitzeko aukera emanen du.

Amotzeko eskolan lan garrantzitsuak eramanak izan dira azken denboretan eta artisauen inplikazioa aipatzekoa da, obrak bukatuak izan baitira, buruilaren epea ongi errespetatuz. 170.000 euroren lanak iragan dira berritze lanetan, baita gela berri baten eraikuntzan ere. Handitze honek aukera polita eskainiko du, xedea baitzen klase elebidun baten edekitzea gurasoek galdeginik. Orain gauzatu behar luke, irakasle postu erdi bat lorturik.

Dena den, gela berri honek poza handia sortu du buraso, irakasle eta ikasleen artean, leku hertsietan zirelakoan orain arte. Bertzalde, numerikoa hedatzeko eta hobetzeko asmotan hiru dosier eskatuak izan dira, baita onartu ere nazional mailan, honek erran nahi du estatuak proiektuen %70 diruz lagunduko duela.

1.175 ikasle Senpereko sei ikastetxetan

Orokorki, erraten ahal da gure herriko eskoletan sartzeak ongi iragan direla. Ikasleen kopurua mantendu da eskola gehienetan,  emendatze ttipi batekin San Josep eskolan eta ikastolan.Ama eskolan eta lehen mailetan, zifra hauek ditugu: Eskola publikoan 255, San Josepen 187, Amotzeko eskolan 73, ikastolan 120, Arretxea kolegioan 320 bat inguru eta  Saint Christophe lizeoan 220.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun