Asteburu ederraren ondotik azken egunetan sartuak dira Sarako bestak

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 14a, 08:00

Igandean omenaldia egin zitzaien beteranoei bi hilarrietan eta kirolari gazteei Lur Berrin. Joan den urteko geldialdiaren ondotik, Sarako bestak ospatzen ari dira aurten. Larunbateko eguna ongi baliatu dute mendiko bizikleta ibiltzaileek baita ehiztariek ere, bal trap-arekin, Arratseko kontzertuan 1500 sarrera egin dituzte, baina bazen jende gehiago zeren herritarrenzat doan izaten da. Argazkiak: Ganex

Omenaldia beteranoei eta kirolariei

Igandeko meza nagusian bazen jende aunitz, Urruñako klikak airostua. Beteranoen bi hilarrietan loreak eman eta gero klikak egin du kontzertua plazan, aire ederrekin. Lur Berri gelan, beti bezala, Herriko etxeak eskaini du aperitifa eta kirolari gazteak ohoratu: Errugbi taldea txapeldun izan baita, Pilotariak: Onaitz Pradere onaitz eta Arkaitz Aguirre Arkaitz txapeldunak, Manex Etxeberri Pacheco eta Leni Vella Barneix txapeldun ordeak baita Aritz Lekuona txapeldun ere. Bortz pilotariek ukan dute kopa bana eta Battite Labode auzapezak eskerrak eman dizkie, erranez «horrela segitzeko eta altxa herria!

Luzarako partida ere ederra izan da. Luzean taldea 13-4 nagusitu zaio Baigorriko taldeari. Arratsaldean errebotean, joaldunak, giganteak, auto mozorrotuak, ahate jokoa eta indar jokoak egin dituzte. Behar zen ikusi zenbat jende zen arratsaldean errebotean, beti bezala mundua zen, kasi berze urtetan bezala. Erran behar da jendeak maite duela arratsaldeko manifestazione hori eta arratseko dantzaldian ere izan da jendea, gazteria gehien bat.

Astelehenean ere luzarako partida jokatu zuten errebotea Sarako Izarrak berdez eta Kapito Harrik beltzez. Kapito Harrik irabazi zuen, 10-04. 

 

Gaur eta bihar hondarreko egunak

Buruilak 14, asteartea
09:00etan gaiteroak eta txistulariak karriketan ibiliko dira. 09:00etan pasaka partida jokatuko dute trinketean eta 10:30-ean luzean errebotean Spuc eta Nozbait taldeak nor baino nor gehiago ariko dira. 18:00etan talo saltzea Keinuren gibelean. 19:00etan mutxikoak izanen dira Kuxkuxtu txarangarekin eta 20:00etan gaztetxean D gaua antolatu dute. 22:00etam dantzaldia Triki Blinders taldearekin. Sartzea osasun pasearekin.

Buruilak 15, asteazkena 
09:00etan gaitero eta txistulariak karriketan ibiliko dira. 09:00etan trinketeko zabaldeian Sarako azienden lehiaketa eginen da. 1.700 euroko primak izanen dira. 11:00etatik 12:30era makillatze gune bat izanen da haurrentzat plazan, baita puzgarriak eta zaldi ibilaldiak ere 16:00 arte (euriarekin kiroldegian). 18:00etan esku-huskako pilota txapelketako finala trinketean. 18:00etan talo saltzea Keinuren gibelean. Errebotean ere ariko dira esku huska: Denis Indara eta Jon Laduche, Dufour anaien kontra. 19:00etan zozketa eginen dute. 20:00etan aperitifa Berçaits anaien musikarekin. 21:30etan Burrunba elektrotxaranga ibiliko da eta 23:00etan su-artifizialak hasiko dira. 23:15ean Joselu Anaiak taldeak dantzaldia eskainiko du. Sartzea osasun pasearekin.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun