Leire Uriel Molina

«Herriko jendeak arras ongi hartu du euskara ikasteko dudan interesa»

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 11a, 10:00

Zugarramurdin bizi da gaur egun Leire Uriel Molina (Soria, 1990), baina Soria, Cintruenigo eta Lizarra ere izan ditu bizileku. Natura gustuko duen neska da, «despistatu samarra eta bizitza umorez hartzen saiatzen dena». Duela hiru urte hasi zen euskara ikasten, eskualdera bizitzera etorri zenean, eta aunitz ikasi du eta nabarmen hobetu du geroztik. Gainera, proiektu berri bat martxan paratu du,  NÜK Natura.

Euskalduna kasualitatez

Soriakoa da Leire Urielen aita eta Lizarrakoa ama, eta, beraz, ez du euskararekin lotura handirik izan txikitan. Soriako bestetan «kasualitatez» ezagutu zuen gaur bere bikotekidea dena, zugarramurdiarra, eta denborarekin hona bizitzera etortzea erabaki zuen.

«Asteburuak pasatzera» etortzen hasi zen lehenbiziko, eta bertan jendea euskaraz aditzen zuenean, «ez nuen deus ulertzen», onartu du. Horregatik, «Zugarramurdira bizitzera etorri nintzenean, euskaltegian izena ematea erabaki nuen».

2018an hasi zen klaseak hartzen AEKn, Elizondoko Suinki euskaltegian. «Ez nuen inor ezagutzen –dio–, baina irakasle eta ikaskideak arras jatorrak ziren eta giroa arras ona zen». Horregatik «gogotsu eta arras motibatuta» hasi zituen klaseak. Hasieran euskaraz aritzeak lotsa ematen ziola aitortu du, «baina hala ere saiatzen nintzen».

«Euskaraz solas egiteko ahalegina aunitz baloratzen du jendeak»

Leire URIEL MOLINA

Konfinamenduaren ondotik euskaltegia uztea erabaki zuen denbora faltarengatik, «baina ikasi dudana ez galtzen saiatzen naiz. Orain ez dut hainbertze praktikatzen baina noizbehinka euskaltegiko kideekin, herriko jendearekin eta lanean euskaraz aritzen naiz».

Hizkuntza berri bat

Aunitzetan erran ohi dute euskara hizkuntza zaila dela ikasteko, ezagutzen diren hizkuntza familia guztietatik kanpo gelditzen baita. Leire Urielen kasuan ez zen horrela izan, «gogotsu hasi nintzelako. Egia da ikasi ahala kontua zailtzen hasi zela, baina hastea da kontua!». Denborarekin bere gaitasunak hobetu ditu, orain «gehiago ulertzen dut eta elkarrizketak hobeki jarraitzen ditut».

Gainera, inguruko jendeak «euskaraz solas egiteko ahalegina baloratzen duela» nabaritu du, «nahiz eta akatsak egin». Herriko jendearen jarrera ona izan da eta «arras ongi hartu dute euskara ikasteko dudan interesa». Hala ere, Zugarramurdin «denetarik dago, batzuk ohituta daude dagoeneko eta gaztelaniaz solas egiten jarraitzen dute, baina bertze batzuek euskaraz solas egiten didate».

Kanpotik etorri eta euskara ikasteko aukera dutenak saiatzera animatu ditu Urielek; «hizkuntza interesatzen bazaizue, zaila dela erran arren, ez izan beldurrik. Ni ez naiz damutzen, esperientzia arras ona izan da».

NÜK Natura

«Gure ingurunea eta gorputza zaintzeko pentsatutako proiektua» da NÜK. Osagai natural eta biodegradagarriekin, xanpuak eta kosmetiko naturalak sortzen ditu Leire Urielek; «produktu guztiak formatu solidoan egiten ditut, ontziak saihesteko».

Txiki-txikitatik izan du naturarekiko interesa, «amatxirekin landare eta loreak biltzen nituen, eta bakoitzaren propietateak irakasten zizkidan. Hasieran jolas bat zen, baina denborarekin serioago hartu eta trebatzen hasi nintzen». Familiarendako eta lagunendako produktuak sortzen hasi zen, eta «xanpu solidoak hainbertze gustatzen zitzaizkienez, pausoa ematera animatu ninduten».

Artisau-lana da, eta prozesu guztiaz arduratzen da Uriel, «formula sortzea, elaborazioa, paketatzea... eta eskaera bakoitza nik bildu eta lehortutako iratze batekin apaintzen dut». Salmenta eta bidalketak ere kudeatzen ditu, «baina batzuetan familiakoek laguntzen naute».

«Amatxik irakatsi zizkidan landareen eta loreen propietateak»

Leire URIEL MOLINA

Sare sozialak ditu erakusleiho, Facebook eta Instagram bidez jasotzen baititu eskaerak «eta laster webgune bat sortzeko asmoa dut». Azoketan ere ibili ohi da; «alde politenetako bat da jendearekin harremanetan jartzea, zalantzekin laguntzea, opari bereziak prestatzen laguntzea...».

Jendearen erantzuna «espero nuena baino hobea» izan da, «nahiz eta hasieran kosmetikoak solidoak izatea arraroa iruditu, azkenean ia denek errepikatu dute eta nire produktuak gomendatu dituzte, eta alde horretatik arras kontent nago».

Etorkizunera begira, «Zugarramurdin bizitzen jarraitzea gustatuko litzaidake. Herriko jendeak ongi hartu nau eta arras gustura nago hemen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun