Irailaren 18an hasiko da banakako Xilaba

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 8a, 10:00

Bi urtez segidan, taldeka aritu ondotik, hemen da bakarkako Xilaba txapelketa. 24 bertsolarik eman dute izena eta irailaren 18an hasita, lau kanporaketa jokatuko dituzte. Hiru finalerdiren ondotik, finala azaroaren 13rako iragarri dute, Donibane Lohizunen.

Lehenbiziko kanporaketa

Lehenbiziko kanporaketa irailaren 18an, Makeako herriko gelan izanen da, 17:00etan, eta sei bertsolari ariko dira: Karlos Aizpurua Etxarte, Mizel Mateo, Irati Alcantarilla, Gillen Hiribarren, Oier Urreizti eta Maddi Ane Txoperena Iribarren.

Bigarren kanporaketa

Bigarren kanporaketa irailaren 25ean, Muskildiko Posonpesenean eginen dute, 17:00etan hasita. Bertsolari hauek ariko dira nor baino nor: Bittor Thicoïpe, Ramuntxo Christy, Xumai Murua Berra, Xan Alkhat, Maddalen Arzallus Antia eta Miren Artetxe.

Hirugarren kanporaketa

Hirugarren kanporaketa urriaren 2rako prestatu dute eta Hiriburuko La Perlen egin dute hitzordua, 17:00etan. Josu Txoperena Iribarren, Patxi Iriart, Iker Altuna, Aitor Servier Etxexuri, Pettan Prebende eta Kerman Diaz izanen dira bertsotan ariko direnak.

Laugarren kanporaketa

Laugarren eta azken kanporaketa urriaren 9an Gabadiko herriko gelan izanen da, 17:00etan. Bertze sei bertsolari ariko dira: Johaine Sarraillet, Amets Arzallus Antia, Maddi Sarasua Laskarai, Maindi Murua Berra, Odei Barroso eta Egoitz Zelaia.

Hiru finalerdi eta finala

Kanporaketak bukatuta, hiru finalerdi jokatuko dituzte: urriaren 16an Mauleko Maule Baithan, urriaren 23an Bardozeko Ezker paretan eta urriaren 30an Izpurako Faustin bentaberrin. Hirurak 17:00etan izanen dira eta fase honetan kanporaketetatik sailkatuko diren hemezortzi bertsolari ariko dira.

Orduan erabakiko dute finalean ariko diren sei bertsolariak zein izanen diren: finalaurrekoetako hiru saioetako lehenak eta puntuazioaren arabera lehenbiziko bertze hirurak. Finala azaroaren 13an izanen da, Donibane Lohizuneko Jai-Alai pilotalekuan, 17:00etan hasita. Puntu gehien metatu duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatu ondotik, final osoko puntuen baturak erabakiko du nor izanen den aurtengo Xilaba txapelketako txapelduna.

Epaile eta gai-jartzaile taldea

24 bertsolarien lanak epaitzeaz zazpi lagun arduratuko dira: Zuhaitz Olazabal, Ainhoa Sarasua, Abel Zabala, Eneko Bidegain, Maialen Berra, Lur Renteria eta Iban Thicoïpe. Bederatzi laguneko taldeak osatuko du, berriz, gai-egileen taldea: Antton Lannes, Joana Itzaina, Amaia Castorene, Aritz Bidegain, Amaiur Lujanbio, Lierni Elortza, Pantxika Solorzano, Xabi Elgar eta Oihana Larrandaburu.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun