Goizean goiz hasi zuten jardunaldia, Sorgin Trail lasterketako 7,5 kilometroko ibilbidearen itzuli irekia eginez. 10:30ean hasi zen I. Sorgin Trail lasterketa. 37 emakumek hartu zuten parte eta Maike Cuenca hendaiarra izan zen garaile 38:06ko denborarekin. 3 segundorengatik bigarren postua lortu zuen Elorri Harguindeguyk (38:09) eta Lilou Aguerre izan zen hirugarren (39:33).
Arratsaldean, urtero bezala, haurren txanda izan zen lehenbiziko, Kontrabandista Ttiki lasterketarekin eta 18:00etan egin zuten Kontrabandisten Lasterketa. Lasterkariek 8,4 kilometroko ibilbidea egin zuten Sarako plazatik abiatuta eta ohi bezala, lasterkariak galtza luze beltzekin eta kamiseta zuriarekin egin zuten ibilbidea. Gizonezkoek zortzi kiloko zakua eraman zuten bizkarrean eta emakumezkoek lau kilokoa, garai bateko kontrabandisten lana gogora ekarriz. 36 lasterkarik hartu zuten parte eta Joseba Larralde beratarrak lortu zuen hirugarren aldiz segidan lehenbiziko postua, 39:28 segundoko denborarekin. Bosgarren garaipena du Saran eta hamaika segundorengatik ez zuen iaz lortutako marka (39:17) hobetu. Mathieu Gachen izan zen bigarren (42:27) eta Jean Marc Berroa hirugarren (42:48). Maud Combarieu izan zen lehenbiziko emakumea bigarren urtez, 48:51 segundoko denborarekin. Bigarren postua Ane Eltzaurdia beratarrak (53:12) eskuratu zuen eta hirugarrena Ainhoa Etxegarai beratarrak (54:08).
Taloak jateko eta pottokekin ibilaldia egiteko aukera izan zuten bertaratutakoek, eta ekoizle eta artisauen azoka ere izan zen bertan.