Herriko Etxearen moldaketa lanei eginen die agudo Zugarramurdiko udalak. Lanen hasierako aurrekontua 491.417,30 eurokoa (gehi BEZa) da eta lanak egin gogo duten enpresen eskaintzak irailaren 3ra arte aurkez daitezke.
Herriko Etxearen hiru solairutan egin nahi dituzte lanak. Beheitikoan, bi sarbide bereizi egin nahi dituzte, bat ostatu-jatetxera sartzeko eta bertzea, udal bulegoetara joateko. Hain zuzen, gaur egun bigarren solairuan dauden udal bulegoak lehenbiziko solairura eramanen dituzte. Publikoaren arretarako guneaz gain, idazkariaren bulegoa, bertze bulego bat eta batzar aretoa eginen dituzte, baita komuna eta biltegia ere.
Bigarren solairuan erabilera anitzeko aretoa eginen dute, edozeinek erabili ahal izateko. Gaur egun duen sabaia kenduta, teilatuak duen zurezko egitura bistan utziko dute. Bigarren solairu horretan bigarren gelatxo ttiki bat ere izanen da, bulego edo biltegi moduan erabiltzeko. Igogailua ere jarriko dute.