Agorrilaren 29an eginen dituzte Sorgina Trail eta Kontrabandisten lasterketa Saran

Ttipi-Ttapa 2021ko abu. 27a, 12:00

Lehen aldiz eginen dute Sorgina Trail lasterketa Saran agorrilaren 29an. Arratsaldean urteroko Kontrabandisten lasterketa eginen dute eta ez dira faltako ibilaldia, Kontrabandista Ttiki haurrendako lasterketa, bazkaria eta merkatua ere.

Sarako Olhain Ikastolak emazte eta neskentzat antolatutako lasterketa da Sorgina Trail. 7,5 kilometroko ibilbidea eta 200 metroko desmaila izanen du Sorgina Trailek. 10:30an izanen da abiatzea eta parte hartu nahi duenak ‘pass’ sanitarioa eta medikuaren agiria aurkeztu beharko du.

Emazte eta nesken lasterketa hasi aitzinetik, ibilaldia eginen da eta hau denei irekia izanen da. 09:30ean abiatuko da eta izen ematea egunean bertan egin beharko da 4 euro ordainduta.

16:30ean Kontrabandista Ttiki haurrendako lasterketa izanen da Sarako karriketan eta 18:00etan Kontrabandisten lasterketa. Lasterkariek 8,4 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Sarako plazatik abiatuko dira eta 522 metrotara dagoen Zazpi Fago tontorra izanen da ibilbideko punturik altuena. Ohi bezala, lasterkariak galtza luze beltzekin eta kamiseta zuriarekin aterako dira eta lehenbiziko 1.500 metroetan gizonezkoek zortzi kiloko eta emakumezkoek lau kiloko zakua bizkarrean eraman beharko dute, Berako bidegurutzera bitartean, garai bateko kontrabandisten lana gogora ekarriz. Lasterketan Sara inguruko herrietakoek baino ezin dute parte hartu: Ainhoa, Azkaine, Baigorri, Ezpeleta, Donibane Garazi, Hendaia, Sara, Senpere, Urruña, Bera, Elizondo, Etxalar, Hondarribia, Irun, Lesaka, Urdazubi, Luzaide eta Zugarramurdiko bina korrikalarik bakarrik har dezakete parte lasterketa entzutetsu honetan.

Lasterketez gain, egun osoan zehar bertako ekoizleen merkatua izanen da eta bazkaria ere antolatu du Olhain Ikastolak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun