Nola aurkeztuko zenituzkete zeuen buruak?
Etxepare lizeora doazten 16 urteko bi saratar gara.
Noiztik ezagutzen duzue elkar?
Betidanik. Ikastolan, kolegioan eta lizeoan elkarrekin ibili izan gara eta herrian ere lagunak gara.
Zein dira zuen zaletasunak?
Tehexa: Zaletasun berezirik ez dut baina gauza aunitzek interesa sortzen didate.
Lutxi: Nire zaletsaun handiena sauvetage côtier egitea da (kirol salbamendua).
Azkue Literatura Sarietara aurkeztu duzue “Elena Barrutia” lana. Zergatik?
Desafio maneran aurkeztu ginen, kapable ginela ikusteko. Ttikitan istorio bat idatzi genuen eta hortik ere etorri zitzaigun motibazioa.
Bigarren saria lortu duzue. Irabaztea espero zenuten?
Ez genuen uste irabaziko genuenik. Gainera, berant igorri genuen eta ez ginen segur parte hartu genuenik ere.
Zer kontatzen du zuen lanak?
Neska kirolari baten istorioa da, konfinamenduan eguneroko bat idazten hasten dena. Ipuinean aipatuak dira bere konfinamenduko bizipenak, kirola, amodio istorio bat eta anorexia. Bukaera tragiko batekin finitzen da.
Nondik atera duzue istorioa idazteko inspirazioa?
Gazteok bizi dugun errealitate batetik atera dugu inspirazioa. Gero, ideiak idatzi arau etorri zaizkigu.
Nolakoa izan zen sari banaketaren esperientzia?
Guretzat horrelako lehen esperientzia izan zen, biziki serioa eta zeremoniala, ez batere usaiakoa.
Etorkizunean literatur lanak sortzen segitzea gustatuko litzaizueke?
Egia erran oraingoz ez dugu batere horretan pentsatu, beharbada egunen batez…
Zeintzuk dira zuen asmoak epe motzera?
Biziaz ahalik eta gehien profitatzea.
Eta epe luzera?
Familia bat, lan finko bat, etxe ttipitto, aitzin zuri bat, lau haitzondoren erdian, zakur zuri bat atean, iturritto bat aldean? Han bizi naiz ni bakean... (irri artean) sinesten duzu zuk?