Urrian Saran eginen den Idazleen Biltzarrak haur eta gazteen literaturarako lekua ere izanen du

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 5a, 15:00

Amaia Hennebutte eta Jean Mixel Garat, ortziralean egindako aurkezpenean.

Urriaren 8an eta 9an Ikusi Mikusi Azoka eginen dute eta urriaren 10ean eta 11n egile eta profesionalendako ohiko biltzarra

Aurten ere izanen dugu Idazleen Biltzarreko seinalamendua eta ohi baino zabalagoa gainera, lau egunez eginen baita. Urriaren 8an, ortziralez, eta 9an, larunbatez, Ikusi Mikusi Haur eta Gazte Literatura Azoka eginen dute. Amaia Hennebutteren inguruan gazteen literatura euskaraz jakinarazteko hiru elkarte bildu dira: Kiribil Iparraldean, Pamiela Nafarroan eta Galtzagorri Gipuzkoan. Beraz, plataforma hori eginen dute haur eta familiendako, Lur Berri gelan, Keinu Taberna gelan eta plazan.

Urriaren 10ean, igandean, Idazleen Biltzarra eginen dute egileentzat, usaian bezala kiroldegian, baita urrian 11n, astelehenean, profesionalentzat. Espero dute aurten, orain bezala baldin bada, pandemiarengatik arazorik gabe egiten ahalko dutela. Antolatzaileek denak eskertu dituzte, jende borondate onekoak, «baina ez baita aski, horrelako manifestazione bat egiteko laguntza behar da», adierazi dute uztailaren 2an egindako aurkezpenean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun