'Ikusi Mikusi' haur eta gazte literatura azoka aurkeztuko dute ortziralean Saran

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 28a, 08:00

Joan den urtean Donostian aurkeztu zuten proiektua, bertan behera gelditu zena.

Uztailaren 2an 19:00etan Lurberri gelan aurkeztuko du proiektua Jean Michel Garatek, Idazleen biltzarraren lehendakariak, saratar guztientzako.

Joan den urteko apirilean zen egitekoa azoka, baina egoerak gibelatzera behartu zituen eta aurten egitea erabaki dute euskara hutsean izanen den lehen Haur eta Gazte Literatura Azoka. Galtzagorri elkarteak, Pamiela argitaletxeak eta Kiribil antzerki konpainiak sortu dute ekimena elkarlanean.

Liburuen jaialdi hau Saran eginen dute urriaren 8an eta 9an. Antolatzaileek adierazi dutenez, «mugaren bi aldeetan, gazteentzako liburu azokak daude frantsesez edo gaztelaniaz, euskara apur batekin, edota euskal liburu azokak, helduentzako, haurrentzako eta musika eta literatura nahastuz». Hau gaztetxoenei zuzendutako euskara hutsean dagoen lehen literatur azoka izanen da. Azokaren helburua haur eta gazteak euskal literaturara hurbiltzea da, horregatik da «Haur bat, liburu bat» haien lema.

Bi eguneko ekitaldia izanen da, doakoa, ortziralean eskolei zuzendua eta larunbatean familiei. Azokak forma ibiltaria izanen du, hainbat sala, tailer, mintzaldi, ostatu eta bertzelako jarduerekin. Ikuskizunak ere izanen dira 3 euroren truke. Informazio gehiago lortzeko www.ikusimikusi.eus web orria paratu dute eskuragarri. Proiektuari ekonomikoki lagundu nahi diotenentzako www.itsulapikoa.eus atarian diru bilketa hasi dute.

Honez gain, ortziraleko aurkezpenean Jean Michel Garatek aurtengo Idazleen biltzarraren programa aurkeztu eta xehetasun guztiak azalduko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun