Departamenduko bozen bigarren itzulia igandean iraganen da

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 24a, 14:00

Abstentzio handia izan zuen joan den igandean egin ziren departamenduko bozen lehenbiziko itzuliak. Saran eta Senperen, konparazio batera, % 66,54 eta % 64,98koa izan zen abstentzioa. Igande honetan, bigarren itzulia izanen dute eta Sara eta Senpereko herritarrek bigarren itzulira pasatu diren EH Bai koalizioaren eta Force 64ren artean aukeratu beharko dute.

Uztaritze, Errobiko ibarrak eta Urdazuri kantonamenduan sartuak daude Sara eta Senpere, Ahetze, Ainhoa, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri eta Uztaritzerekin batera, eta lehen itzulian hamarretik seik baino gehiagok ez zuen bozik eman. Herrietako emaitzak batuta, Force 64ko Philippe Etxeberria eta Benedicte Luberriaga hautagaiak izan ziren boz gehien eskuratu zituztenak (% 42,1). Bigarren EH Bai koalizioa izan zen, Santiago Kapendegi eta Joana Irigarai hautagaiekin (% 15,9). Berdeak/Generations-eko Leopoldine Brand eta Jeremy Savatierrek bozen % 15,9 eta Fronte Nazionaleko Sylviane Lopez eta Serge Pinnak % 12,9 lortu zituzten.

Saran, berriz, EH Bai nagusitu zen bozen % 41,7 lortuta eta bigarren indarra Force 64 izan zen (% 40,2), Berdeak/Generations hirugarren indarra (% 10,9) eta Fronte Nazionala laugarrena (% 7,2) izan ziren. Senperen, ordea, bertzelakoa izan zen irudia. Force 64ak bozen % 35,1 lortu zuen eta EH Baik % 34,2. Hirugarren indarra Berdeak/Generations (% 15,8) izan zen eta laugarrena Fronte Nazionala (% 15,0).

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun