SOS Alkerdik Urdazubiko harrobiaren berrezarpen proiektua alde batera uztea eskatu du

Ttipi-Ttapa 2021ko eka. 23a, 12:00

Ondarearen defentsarako plataformak salatu duenez, «Nafarroan ezagutzen den labar-artearen azalpen bakarra (23.000 urte inguru dituzten grabatuz eta margoz osatua) lur-zabortegi bihurtu nahi dute».

Urdazubiko Alkerdi auzoko harrobiak 2016an utzi zion jarduteari, bertako eremuko lur azpian «leize eta galeria sare konplexua aurkitu baitzen, Nafarroako historiaurreko arkeologia altxor preziatuenetako bat».

3.000 metro baino gehiagoko galeria horietan grabatu aunitz eta 23.000 urte inguruko margoak aurkitu dituzte, «Nafarroan orain arte ezagutzen diren labar-artearen aztarna bakarrak». Eremu arkeologikoa Kultura-Intereseko Ondasuna deklaratu zuen Nafarroako Gobernuak 2016an, «ondare arkeologikoari eragin zezakeen edozein jarduera ordutik aurrera debekatuz».

 

2014. urtean D. Garatek eta O. Riverok ordura arte ezezagunak ziren grabatuak aurkitu zituzten. Bisonteen eta zaldi baten irudiak dira gehienak, eta galeria arras estu batean daude.

Aurkitu zituzten grabatuak aro Erdi Magdaleniarrekoak dira. Aurkikuntza horiei esker, Alkerdiko Leizeak, mendebaldeko Pirinioetako arte parietala duten leizeen artean postu nabarmen batean daude.

Harrobiaren proiektua mahai gainean berriz ere

Aurten, Nafarroako Garapen Ekonomikorako Departamentuak harrobiaren leheneratze proiektua aurkeztu du. Plataformak salatu duenez, «egiatan bilatzen dena ia eremu osoa beste hondeaketen lur eta harri zabortegi bihurtzea da. Betelanak sei urtez luzatuko lirateke eta 50.000 metro kubo erauzte-materialaz bete ondoren, lur-begetalaz eta landareez estaltzea aurreikusten dute». Aldi berean, «arduragabekeriatzat» dute Kultura Departamentuaren jarraibide teknikoak «hain modu nabarmen eta arriskutsuan ukatzen dituen proiektu baten argitaratzea».

Bertzalde, «erauzte lanik gabeko urte batzuen ondotik, baltsa naturalizatu egin da zabortegiak lurperatuko lukeen sahatsez eta haltzez inguraturik. Hezeguneak, hau bezala jatorri artifizialekoa izanik ere, gehienetan bioaniztasunaren kontserbaziorako leku pribilegiatu izaten dira» eta «balio ekologiko handia dute».

Horregatik, SOS Alkerdi elkarteak «Garapen Ekonomikoaren Departamentuari exijitzen diogu argitaratu duen «leheneratze» proiektua berehala bazter dezan eta Kultura eta Ingurumen departamentuekin koordina dadin Kultur-Intereseko Ondasunaren babesa ziurtatzeko eta haren inguruari behar duen garrantzia eman diezaiola herritar guztion gozamenerako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun