Erretreta hartu duten herriko bi langile ohoratu dituzte Saran

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 24a, 12:00

Michel Elizaldek eta Etienne Etxeberrik herriko kontseiluaren eta herritarren esker ona hartu dute igandean Lur Berri gelan

Erretreta hartutako bi herriko langile ohoratu ditu Sarako Herriko kontseiluak maiatzaren 23an Lur Berri gelan. Michel Elizaldek joan den urtean hartu zuen erretreta, baina pandemiarengatik orain egin diote agur- ekitaldia. 34 urtez eta 4 urtez sasoinak egin ditu herrian lan, gizon langilea eta artexa baita. Etienne Etxeberri herriko polizak apirilean hartu du bere erretreta. Honek ere 32 urte eman ditu herriko zerbitzari, gizon zintzoa da eta bere ofizioa ongi eraman du.

Battite Laborde auzapezak, bere kontseiluko hautetsiekin, egin dizkie ohoreak. Beraien lan denboran herriari ainitz zerbitzu on egin dizkiotelako biak eskertu ditu kontseiluak. Opariak ere izan dituzte: Kontseiluak Herriko Etxearen modelo ttiki bat eta lehengo eta oraingo laneko lagunek, berriz, bidai bat bakoitza bere familiarekin.

Etiennek eskertu ditu denak, gogoratu du izan dituela memento neketsuak ere, «zeren ez baitzen beti erraz borrokan aritzea herritarrekin, denak ezagunak», baina kontent izan da herrian lan egiteagatik, zeren errotik saratarra baita eta «Sara maite eta maitatuko» duelako. Michelek ere denak eskertu ditu, plazer handia izan duela herrian lan egitea bere tresnekin, mendi mazelak garbitu eta laborari ainitz ezagutu. Bistan da bera ere Sarako herritarren zerbitzuko aritu dela eta herria maite.

Biek aipatu dute Beñat Etxegarai Saski lankidea egun horretan falta zutela eta auzapezak memento hori baliatu du Agur jaunak kantatzeko Beñaten ohoretan, denek egin duten bezala. Ondotik, izan da jateko eta edateko denentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun