GUTUNA: Zugarramurdiko herriari eta Herriko Etxeari

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 22a, 07:00

Zugarramurdiko Akelarreneko atean egindako bilkura.

«Herritarren ongizatearen alde eta irtenbideak denon artean atzemateko asmoz», Onintza Agirre, Julene Arburua, Maider Aragon eta bertze 15 lagunek ekainaren 4rako deitu duten batzar edekirako deia egin diete zugarramurdiarrei eta Zugarramurdiko Udalari.

Orain dela hilabete batzuk herritar batzuk elkartu ginen herriaren arazoei buruz mintzatzeko. Azken urtetan ikusten ari baikara gure herrian arazoak larritzen ari direla eta gure bizi kalitatea apaltzen ari dela. Batez ere, turismoaren masifikazioarengatik egunero sofritzen ditugun ondorioak haunditzen ari dira (ibilgailu eta jendearen inbasioa, aparkalekuak eta karrikak gainezka, zikinkeria nonahi, oinarrizko zerbitzuen eskasia…). 

Joan den urtean, herriko jendea, sumindua, bere haserrea erakusten hasi zen eta bi bilkura egin ziren herritar aunitzek parte hartuz. Hartan adostu genuen afera hauek herriko etxearekin eztabaidatuko genituela pleno edeki batean, baina hau ez zen sekulan ailegatu Covid-aren aurkako neurrien aitzakiengatik. Geroztik, posible izan da bilkurak egitea, baina herriko etxeak ez du interesik erakutsi.

«Azken hilabete hauetan eskatu diogun guztia ukatu egin digu»

Are gehiago, azken hilabete hauetan eskatu diogun guztia ukatu egin digu. Hala nola, herritar batzuengandik sortutako proiektu baten aurkezpena: Sugarren Mende gure herria eta arbasoen historia kontatzen duen liburuarena. Ekitaldi kultural hau eta omenaldi xumea azaroaren 7an egin nahi izan genituen, data sinbolikoa baita; honelako egunean gure arbasoak masakratu baitituzten Logroñoko Autodefean.  

Aurkezpenak eta omenaldiak garaiko osasun-protokolo guztiak betetzen zituzten eta 70 zugarramurdiarrek izena eman zuten parte hartzeko, interesa haundia baitzen. Baina alkateak berak guk hautatutako zinegotziei boza kendu, eta ezezkoa izan zen bere erabaki hutsa.
 
Bera gure osasunarengatik arduratuta omen zen egun berean,  200 lagun lezean sartu ziren, eta udan milaka jende etorri zelarik, ez zuen halako kezkarik izan. Edo gaur egun ere, astebururo ehunka kanpotar etortzen direlarik.  

«Kanpotik heldu den guztiari oniritzia ematen zaiola, baina herritarren galderei beti ezetza ematen zaiela iruditzen zaigu»

Dena den, hau ez da ezeztatu den ekitaldi kultural bakarra. Joan den udan herritarrei ez zitzaien utzi bestarik edo kultur ekintzarik ospatzen, baina herriko bestak eta errefetaren artean, Nafarroako Gobernuak turistendako antolatutako kontzertu bat lezean egitea baimendu zen. Kanpotik heldu den guztiari oniritzia ematen zaiola, baina herritarren galderei beti ezetza ematen zaiela iruditzen zaigu. Herritarrok ez gara entzunak sentitzen, eta honelako egiamoldeak ikusita, bertze garaiko sistema batean bizi garela sentiarazten gaituzte.

Uda berriz gainean dugu eta badakigu zer heldu zaigun. Orain mugak edeki dituztenetik, berriz ere herria inbadituta izanen da. Gure herriaren alde, herritarren ongizatearen alde eta irtenbideak denon artean atzemateko asmoz, herritar guztiak, herriko etxea barne, batzar edeki eta haundi baterat gonbidatu nahi ditugu: ekainaren 4an, 19:00etan, Akelarrenean. Zatozte denak!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun