Iraia Jaurena

«Covid-19aren garaian albisteak aurkitzea ez da beti erraza»

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 22a, 11:00

Iraia Jaurena, Arantxa Etxeberriarekin batera, Ttipi-Ttapako berriemailea dugu Urdazubin. Bera bezalako hainbat laguntzaileri esker ekar diezazkizuegu herri bakoitzeko azken albisteak ale bakoitzean.

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

Iruñean ikasten ari den 22 urteko gazte urdazubiarra.

Zeintzuk dira zure zaletasunak?

Nire zaletasunak musika, mendia eta naturaz gozatzea dira, lagun artean baldin bada, hobe.

Noiz hasi zinen berriemaile gisa lanean?

Duela urte bat baino pixka bat gehiago hasi nintzen Urdazubiko berriemaile bezala nire lagun Arantxarekin.

Zergatik?
Azken urteetan ez zen Urdazubiko berriemailerik eta Arantxak eskainirik, elkarlanean herriko berriak idaztera animatu ginen, aldizkarian bere tokia izan dezan. 

Erraza al da Urdazubi bezalako herri ttiki batean astero albisteak aurkitzea?

Ez da beti erraza ez, orain covid-19aren garaian oraindik guttiago, normalean baina berri guttiago baititugu. Hala ere saiatzen gara hamabostero berriren bat bilatzen!

Urdazubiarren laguntza jasotzen duzu?

Bai, anitzetan herritarren laguntza eskatzen dugu berriak idazteko orduan eta beti izaten da norbait laguntzeko prest. 

Aurten ere, bestak bertan behera gelditu dira...

Bai aurten ere, nahiz eta ofizialki ez den deus erran, egoera dela eta bestak bertan behera gelditu dira. Hala ere, segur seinale zerbait eginen dugula!

Nola hartu du jendeak albistea?

Nik uste herritar guziek espero genuela. Joan den urtean bezala egoera ez da onena herriko bestak antolatzeko…

Zein albiste gustatuko litzaizuke ematea?

Momentu honetan, Urdazubiko ihauteri edo bestak bueltan direla da gustura emanen nuen berria.

Zein dira zure asmoak epe motzera?

Momentuan ikasketak akitu eta uda ahal bezala gozatzea gustatuko litzaidake.

Eta epe luzera, zer egin nahiko zenuke?

Epe luzera ez dakit, momentua bizi eta maite ditudan pertsonekin zoriontsu izan nahiko nuke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun