Urdazubiko ur-beltzak Dantxarineko araztegian tratatzeko hitzarmena berritu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 12a, 16:00

Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskal Hirigune Elkargoak elkarlanean segituko dute Urdazubi eta Ainhoako saneamenduaren zerbitzua Dantxarinean gauzatzeko. 2010ean hitzartu zuten akordioa berritu dute aurten.

Urdazubiko herriguneak eta Leorlas eta Hiribere auzoak 2019tik araztegi propioa baldin badute ere, Bentetako ur-beltzak Dantxarineko araztegian tratatzen dira. Hitzarmenarekin segitzeko, Bernardo Ziriza Lurralde Kohesiorako kontseilaria eta Jean-René Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria bildu dira eta akordioa «guztiendako onuragarria» dela ondorioztatu dute.

Bertzalde, hitzarmena berrestearekin batera, bi entitateetako ordezkariekin segimendu batzordea sortuko dutela aitzindu dute, bi urtetarako berritu duten hitzarmena indarrean dagoen bitartean sor daitezkeen kontuak aztertzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun