Maria Josefa Sanzberrori egin diote omenaldia Sarako Beteranoen egunean

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 10a, 16:00

Urtero bezala, Beteranoen eguna ospatu dute aurten ere maiatzaren 8an Saran. Battitte Laborde auzapezak egin zuen ongietorria eta gerra garaiko azalpenak eman zituen.

Maria Josefa Sanzberro saratarra eta Mari Jeanne Etcheverria bere alababitxia omendu dituzte aurten. Gerra garaian erresistentzian parte hartzeagatik salatu zuten Sanzberro, eta Gestapoak atxilotuta eraman zuen Bordelerat Etcheverriarekin batera 1944ko ereiaroaren 8an. Ravensbrückera eraman zituzten handik, Alemanian emakumezkoentzat egindako kontzentrazio eremura. Sanzberro handik eskapatzen saiatu zen, baina harrapatu zuten eta Neuengamme kontzentrazio eremura eraman zuten. Hazilaren 13an hil zuten han. Etcheverria gerra akaberan libratu zuten, 1945eko maiatzean, eta Biarritzen bizi izan zen geroztik. Eisenhower eta De Gaulle jeneralek Freedom medaila eman zieten biei.

Bi emakume hauen historia kontatu zuen auzapezak eta Bask'elles emakumeen elkartekoek haien merezimenduak aitortu eta emakumeen papera gerran goraipatu zuten. Eskerrak eman zizkioten Angelique Bereauri, Etcheverriaren alaba gazteenari, Samuel bere semearekin zeremoniara bertaratzeagatik. Beteranoen hil harrian plaka bat paratu zuten Sanzberroren omenez eta auzapez eta Suprefetak loreak utzi zituzten bertan. Janbattitte Zubiri eta Piarres Lasaga ere bertan egon ziren, Frantziako eta Algeriako beteranoen banderekin. Philippe Esponda eta Dylan Alunda izan ziren musikariak zeremonian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun