3,8 miloi euroko buxeta izanen du Sarako herriak aurten

Ttipi-Ttapa 2021ko mai. 7a, 19:00
Larrungo trenatik eta lezeetatik diru guttiago bildu da.

Horietatik 2,34 milioi funtzionamendurako eta 1,47 milioi inbestimenduetarako

Ganex

Herriko Etxearen apirilaren 14ko bilkuran bozkatu zuten 2021eko buxeta eta hautetsi denak akort etorri ziren. Pandemiarengatik ez zen publikorik onartu Herriko Etxean eta, mahai gainean 25 deliberazio izaki, franko luze joan zen bilkura.

Aurten funtzionamendurako 2.340.218 euro onartu dituzte eta inbestimenduetarako 1.476.247 euro; denetara 3.816.465 euro. Buxeta iazkoa baino ttikiagoa da. Erran behar da lezeetatik eta Larhungo trenetik diru gutiago bildu dela, urte osoan ez baita usaiako jenderik ibili.

Herriko tasak berdin, %8,21

Azken urteotan bezala atxikiko dituzte tasak, %8,21. Ikusi beharko da Euskal Elkargoak eta Departamenduak zenbat altxatzen duten.

Elkarteendako laguntzak

Sarako eta kanpoko elkarteendako laguntzak 36.240 euro. Haurrendako: hiru eskolak, kantina eta haur ttikien sozialtasuna 109.868 euro. Aldaxka haurtzaindegiarentzat 3.600 euro. Dirulaguntza hauek denak buxetean sartuak dira.

Uda sasoiko enplegatuak

Apirilaren 1etik abuztuaren 31 arte enplegatu bat astean 35 oreneko dedikazioarekin, eta, uztailaren 1etik abuztuaren 31 arte lau enplegatu (30 oren astean). Igerilekuan, uztailaren 1etik abuztuaren 31 arte bi enplegatu mantentze-lanetan eta 2 sarreran. Lezeetan sei gidari, sasoi hasieratik itxi arte, uztailean eta abuztuan bertze bi, eta ostaturako uztailean eta abuztuan bortz.

Bideak eta bertze lan batzuk egiteko kontratuak lau urtetik berritzen dituzte. 2021etik 2024ra Kanboko Sobamat enpresak eta Peio Iribarren Sarakoak eginen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun