[Bideoklipa] 30 Herri Urrats Ttiki eginen dituzte maiatzaren 9an herriz herri

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 14a, 16:00

Bigarren urtea da koronabirusak Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen besta baldintzatzen duela. Halere, 30 Herri Urrats Ttiki antolatzea erabaki du Seaskak. Maiatzaren 9an ospatuko dute hainbat herritan, ikastola bakoitzak bere egitaraua prestatuko baitu. Boga lelopean eginen dute aurtengo aldia.

Seaskak Ipar Euskal Herrian dituen lau kolegioak gainezka direnez, bosgarren kolegioa diruz laguntzeko baliatuko dituzte aurtengo Herri Urrats Ttiki guztiak. Euskaltzale oro deitu dute Herri Urratsen aldeko keinu bat egitera maiatzaren 9an. Ikastola bakoitzak hainbat aukera izanen ditu egitaraua prestatzeko, betiere segurtasun neurriak errespetatuz. Jantzi eta janari salmentak, edota ateraldi txikiak antolatzen ahalko dituzte; ikastola bakoitzak emanen du bere egitarauaren berri.

Bertzalde, Boga diru bilketa kanpainarekin segitzen du Seaskak. Urtarrilean abiatu zuten, usaiako diru sartzeak pandemiarengatik arrunt apaldu baitira. Helburua 300.000 euro biltzea da, eta, oraingoz, 45.000 euro lortu dituzte. Aurtengo diru bilketarekin bosgarren kolegio bat eraikitzeko proiektua eraman nahi du Seaskak.

 

38. ikastola Bardozen

Irailetik goiti, Bardozen (Nafarroa Beherea) ikastola bat zabalduko dute. Xarnegu eremuko haurrak hartzeko izanen da, eta, oraingoz, lau haurrekin abiatzekoa da proiektua. Seaskak Ipar Euskal Herrian duen 38. ikastola izanen da, eta Euskal Herriko Ikastolen 112.a.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun