Hizkuntza guttituei buruzko legea onartu du Frantziako Asanbleak

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 9a, 10:00

Hizkuntza guttituen aldeko legea onartu zuen atzo Frantziako Asanbleak.

Paul Molac Bretainiako diputatuak aurkeztutako Eskualdeko Hizkuntzen Ondare Babeserako eta Sustapenerako Lege proposamena onartu du Frantziako Asanbleak, eta horrek aldaketak ekarriko ditu bereziki irakaskuntzan. Hizkuntza guttituen irakaskuntzari, eta beraz, euskarazko irakaskuntzari, esparru sendoagoa emanen dio legeak, eta horrekin batera, ikastetxeak diruz laguntzea aurreikusi dute.

Lege proposamena joan den abenduan bozkatu zuten senatuan eta atzo, apirilaren 8an, lau orduko eztabaidaren ondotik eta proposatutako zuzenketak banan-bana baztertuta, testua bere horretan onartu zuen Frantziako Asanbleak. Hala, orain arte lege proposamena izan dena lege bilakatuko da agudo eta bereziki irakaskuntzan aldaketa eraginen du.

Murgiltze eredua eskola publikoan

Murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean sartuko da, eta hala, eskola publikoetan euskarazko eskaintza segurtatu beharko da. Euskal Konfederazioaren hitzetan, «badira urteak murgiltze eredua plantan ezarria dela eskola publikoan. Irakaskuntza molde hau Ipar Euskal Herrian da bereziki arrakastatsua, 20 eskola publikotan garatua baita, esperimentazioaren baitan. Hemendik goiti, murgiltze eredua garatzen segitzen ahalko da baina pisua den esperimentazio dispositibotik pasa gabe. Esperimentaziotik irakaskuntza arruntera pasatzen gara». 

Diruz laguntzea

Hizkuntza gutxituetan irakasten duten eskola pribatuen diruz laguntzea indartuko dute. Konfederazioak azaldu bezala, «hemendik goiti, herri bakoitzak forfaita ordaindu beharko du haur batek ondoko herrira joan behar badu euskarazko irakaskuntza segitzera bizi den herriak ez badu proposatzen. Posibilitatetik obligaziora pasatzen gara». 

Euskararen irakaskuntza orokortzea

Orain arte eskola publiko batean euskarazko klaseak emateko prozedura «aski pisua» zela dio Euskal Konfederazioak: «guraso kopuru adierazgarria bildu behar zen, proiektua muntatu, eskolako talde pedagogikoarekin adostu, irekitzea Hezkuntza Ministerioarekin negoziatu…». Hemendik goiti, ordea, Ipar Euskal Herriko ikastetxeko publiko guztiek euskarazko irakaskuntza proposatu beharko dute: «horrelako irakaskuntzarik nahi ez duten gurasoek beren nahia jakinarazi beharko dute».

Bertzelako aldaketak ere ekarriko ditu. Konparazio batera, seinaleztapen publikoa bi hizkuntzetan ezartzeari bidea irekiko dio eta estatu zibileko dokumentuetan ñ-a bezalako zeinu diakritikoak idazteko aukera ere emanen du. 

«Urrats historikoa»

Legea onartzea «historikotzat» jo dute  hainbat eragilek. Seaska Ipar Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, erraterako, «ikastolak sortu eta 52 urtera, Frantziako Asanbleak murgiltze eredua onartu» izana nabarmendu du eta «eskola publikoetan euskarazko eskaintza segurtatu beharko duela» oroitarazi du. Horrez gain, «euskal izenetan ñ ezartzen ahalko da». «Urrats historikotzat» jo du legea, baina «oraino bide luzea dugula» gaineratu du. 

Euskal Konfederazioak alde batetik, «lege honen alde mobilizatu diren guztiak» eskertu nahi izan ditu: «Paul Molac eta bere laguntzaileak lege proposamena landu eta pausatu izanagatik, senatariak (bereziki legebiltzarreko lehen irakurketaren ondotik irakaskuntzari buruz kenduak izan ziren artikuluak lege proposamenean berriz sartzeagatik) eta oro har lege proposamenaren alde bozkatu duten parlamentari guziak». Horrekin batera Frantziako Gobernuaren jarrera salatu du: «kontrako iritziak eman eta kontrako emendakinak aurkeztu baititu parada izan duen aldi bakoitzean».

Lege horri esker «aitzinamendu garrantzitsuak» egiten ahalko direlakoan dago Euskal Konfederazioa, baina «irakaskuntza arloan hainbat borrokarekin segitu beharko dugu hemendik goiti ere: euskara bezalako hizkuntzentzat kalte handiak eragin dituen lizeo erreforma kendua izan dadin, Ipar Euskal Herriko bigarren mailako ikastetxeetan gero eta ikasgai gehiago euskaraz irakatsiak izan daitezen…». 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun