Haira Aizpurua Ibargarai

«M8an bertsolaritza ere presente egotea garrantzitsua da»

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 28a, 10:00

Haira AIZPURUA IBARGARAI, Sarako bertsolari gaztea

Ttiki-ttikitatik bertsolaritza maite izan duen neska gaztea da Haira. Orain, Bertsulari Gazteen txapelketa irabazita, bere esperientzia kontatuko digu.

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

15 urte dituen neska gazte saratarra naiz.

Zein dira zure zaletasunak?

Nire zaletasunak bertsolaritza, gitarra jotzea eta eskubaloian aritzea dira. Mendira joatea ere anitz maite dut.

Noiztik zabiltza bertsotan?

Bertsolaritza ttiki-ttikitatik presente izan dut, aitak transmititu dit. Bertsoak beti entzun izan ditut eta, errimatu gabe bada ere, gaztetatik hasi nintzen bertsotan.

Zer da bertsolaritzatik gehien gustatzen zaizuna?

Bertzeekin kantatu eta partekatzen dudan momentu hori. Joko baten gisa hartzen dudan unea, gozatzera eramaten nauena.

Bertsolaritzan erreferenterik baduzu?

Ez dut erreferenterik, baina  bat erratekotan Maialen Lujanbio erranen nuke.

Norekin gustatuko litzaizuke taula gainean kantatzea?

Euskal Herriko Eskolarteko finala egin ez zenez, hainbat adinetako bertsolariak nahasiz, saio bereziak egin genituen. Hainbat bertsolarirekin, mota honetako saio gehiago gustura eginen nituzke berriz ere.

Bertsularien Lagunak elkarteko txapela jantzi duzu...

Bai, laster urte bat eginen du jada. Esperientzia bikaina izan da iparraldeko gazteekin harremantzeko eta maite genuena partekatzeko: bertsolaritza.

Berriz ere taula gainean ikusiko zaitugu?

Egoera honetan ez da erraza, baina baietz espero dut.

Nola ikusten duzu bertsolaritza Saran?

Saran, eta iparraldean oro har, bertsolaritza aparte den zerbait bezala atzematen dut. Hala ere, bertso-eskoletan gero eta haur gehiago dira. Gazteei ere aukera gehiago eskaintzen dizkigute taula gainean aritzeko.

Eta emakumea bertsolaritzan?

Gaur egun gero eta emakume gehiago ikusten dira oholtzan eta hori pozgarria da. Horren froga iparraldeko eskolarteko finala da: sei bertsolarietik mutiko bakarra zen.

M8an hiru neska bertsolari gaztek eta Aire ahizpek kantatu zenuten, zergatik?

Proposamena luzatu ziguten, eta guk onartu egin genuen. M8a bezalako egun batean bertsolaritza ere presente egotea garrantzitsua dela pentsatzen dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun